Zambiak irabazi du Afrika Kopa

Egilea:

Data: 2012/02/13

Penaltietan nagusitu zaio Boli Kostari (8-7). Lehen aldiz lortu du txapelketa

Zambia da Afrikako selekzio onena. Atzo gauean irabazi zuen Afrika Kopa. Lehen aldiz irabazi ere. Penaltietan irabazi zion Boli Kostari (8-7), partida husna bukatu eta gero. Zambiako Kalabak huts egin zuen jaurtiketa bakarra, eta Boli Kostan, Kolo Tourek eta Gervinhok.

Boli Kostak izan zuen aukera ona aurretik jartzeko. 70. minutuan izan zen. Drogbak, ordea, kale egin zuen penaltian. 2006ko finalean ere gauza bera egin zuen Chelseako aurrelariak, eta gero galdu egin zuen bere selekzioak. Bideo honetan duzue atzoko penalti jaurtiketa:

http://www.youtube.com/watch?v=xfSHiblYGLc

Zambia ezustez ezuste joan da txapelketan. Inork gutxik egingo zuen bere aldeko apustua, baina pausoz pauso, txapeldun izatea lortu du. Lehen fasean, A multzoko onena izan zen, Ekuatore Ginea eta Senegal atzetik utziz. Final-laurdenetan, Sudan kaleratu zuen, eta Ghana finalerdietan.

Bereziak dira garaipen guztiak, baina Zambiarena bereziagoa. 1993an, finala jokatu zen lekutik 10 kilometrora, abioi istripuan hil ziren Zambiako orduko selekzioko jokalariak. Ia 20 urte geroago, ia leku berean, bere historiako lorpenik handiena lortu du.

Finaleko irudiak, bideo honetan dituzue:

http://www.youtube.com/watch?v=hcpQeE_iZN4

Afrika Kopako emaitza guztiak, lehiaketako web gune ofizialean dituzue.