Zaila da

Egilea:

Data: 2013/05/06

GETAFE  2
REALA    1

Egindako jokoaren eta beste hainbat konturen ondorioa izan da galtzea.

  • Zaila da Txapeldunen Ligara sailkatzea. Realaren bide zoragarrian ematen zuen ez zela oztoporik egongo, baina jardunaldi honetan jarri zaio bat parean: Getafe. Errazik ez dago mundu honetan. Orain arteko poza eta galdu ondorengo amorrazioa ondo kudeatu behar dira orain.
  • Zaila da ia zelai erdi osoa aldatu behar izatea eta taldeak berdin jokatzea. Illarramendi eta Xabi Prieto punta-puntan zebiltzan, sasoiko. Zurituza eta Pardo jokalari onak dira, baina orain ez daude onenean. Zelai erdian itota, martxa hartu ezinda aritu da Reala Getafen, eta antzeman zaio, jakina.
  • Zaila da Getafen ondo jokatzea. Zelai gogorra da, baloiak saltoka ibiltzen diren piloten antza hartzen du, ez da erraza jokoa lotzea zelaiaren gainean. Desatsegina da oso han aritzea, eta Realeko jokalariak deseroso aritu dira ia une oro.
  • Zaila da ezer ondo egitea ondo egiten duzun bakoitzean aurkariak ostikadak ematen dizkizunean. Getafek bigarren zati osoan Realaren jokoa geratu beste asmorik ez du eduki. Ostikadak bata bestearen atzetik. Oso garbi izan dute zer egin. Realekoren batek alde egiten bazien, egurra eta falta. Horrela zaila da.
  • Zaila da Getafe bezalako aurkari bati opariak egin eta ezer onik ateratzea. Aurkariaren hutsak behartzera jokatzen dute espainiarrek, deseroso sentiaraziz, asko estutuz, eta gero, aurrealdean, jokalari zitalak eta azkarrak dauzka. Beraien lehen gola opari handia izan da: Markel Bergarak pase neurtuegia eman dio Luis Leon Sanchezi. Velak neurketaren hasieran sartu duen gol ederra berdindu du.
  • Zaila da Realarentzat puntuak batzea taldea hausten denean. Taldea luzatzea ez zaio batere komeni. Aspaldian egin gabe zuen akats hori, oso aspaldian, baina gaur egin egin du, eta garesti ordaindu. Irabazten joan denean ere luzeegi ibili da taldea, eta zetorkionaren aurrekari bilakatu da.
  • Zaila da Getafe bezalako talde bati min ematea hegalak erabili gabe. Lehen zatian, batez ere, gabezia hori ere izan du Realak. Erditik erdira aritu da jokatzen jokoari hasiera emateko lekuan (atzelariak-erdilariak lotura), eta horixe nahi zuen Getafen, hor estutzen zuelako aurkaria. Halako jokaldi batean Realak baloia galdu eta gero sartu du bigarrena etxeko taldeak.
  • Zaila da ezer onik biltzea gaizki jokatu arren, bi aukera garbi sortu eta bietan kale egiten bada. Bigarren zatian, ia amaiera aldera, Griezmannek eta Velak nahiz Agirretxek (bi hauek jokaldi berean) ez dute asmatu.
  • Zaila da Getafe bezalako talde bat aurretik jartzen denean erritmo geldoan menderatzea. Oso makal jokatu du Realak. Zurutuza eta Pardo baloia eraman zaleak dira, kosta egiten zaio baloia azkar ematea, eta justu kontrakoa behar zen gaur. Bigarren zatian oso noizean behin bakarrik bizitu du erritmoa taldeak… eta min pixka bat egin du, baina oso gutxitan izan da gauza onerako.