Xehetasunetan dago indarra

Egilea:

Data: 2015/01/07

INGALATERRAKO FUTBOLA

Bill Shanklyk Liverpoolen egindako lan bikainaz idatzi digu Dabi Piedrak lan honetan.

Liverpool taldea, kirol arloan, lur jota zegoen 60ko hamarkadaren hasieran, bigarren mailatik ezin igota. Hurrengo urteetan, baina, munduko talderik indartsuenetako bat bihurtu zen: lau aldiz irabazi zuen Europako Kopa, 1977 eta 1984 artean. Liverpool garaipenaren bidera itzularazi zutenen artean, izen bat nabarmendu behar da, Bill Shankly (1913-1981) entrenatzailearena hain zuzen.

Hura ezagutu zutenen arabera, Shanklyk futbola baino ez zerabilen buruan, edozein unetan futbolaz hitz egitea gustuko zuen. Xehetasunak maite zituen, detailerik txikienak zainduta, jokalariei zuku gehiago ateratzen zaiela uste zuen. Era berean, teknika berritzaileak ekarri zituen futbolera, batez ere entrenamenduetako ariketen arloan. Izaera bereziko gizona zen, eta Liverpooli ere berezko nortasuna berreskuratzen lagundu zion.

Bill Shanklyren eta Liverpool klubaren bideek elkar topatu behar zuten goizago edo beranduago. Shankly eskoziarra, futbolari profesional arrakastatsu samarra izan eta gero, Ingalaterrako bigarren eta hirugarren mailetan ari zen entrenatzaile, erdipurdiko jokalariekin eta fitxaketetarako dirurik gabe, halamoduzko emaitzak lortzen. Liverpool boteretsua, aldiz, aspaldiko disdira galduta, bigarren mailako zuloan jausi zen, eta handik irten ezinda zeramatzan denboraldi batzuk. Talde amateur batek Kopatik kanporatu zituenean, aurreko entrenatzailea kaleratu eta taldea erabat berritzea erabaki zuen zuzendaritzak. Bill Shankly fitxatu zuten, eta honek gustura onartu zuen erronka, Liverpool Ingalaterrako talderik onena izan zitekeela ziur baitzen.

1959ko abenduan iritsi zen Shankly Liverpoolera eta taldeko 24 jokalari salgai jarri zituen, hura ez baitzen berak nahi zuena. Bere estiloa hasiera-hasieratik ezarri zuen, xehetasunei arreta jarrita. Arrakasta ez zen berehalakoan iritsi, baina pixkanaka talde handia osatzen joan zen, Ron Yeats, Ian St John, Roger Hunt eta enparauekin. 1962an lehenengo mailarako igoera lortu eta, bi urte geroago, txapeldun izan zen Liverpool, aspaldiko partez. Entrenamenduetan, bost bosten kontrako partida luzeak antolatzen zituen Shanklyk eta berotze ariketa berritzaileak ezarri zituen. Hala, talentua ez ezik, sasoi fisiko indartsua eta erresistentzia lortu zituen taldeak.

Alderdi psikologikoa ere oso kontuan hartzen zuen Bill Shanklyk. Hala jaio ziren Liverpoolen sinbolo ezagunenetako batzuk. Esate baterako, 1964an, Anderlechten kontrako kanporaketa batean, taldearen koloreak aldatzea erabaki zuen. Ordura arte, elastiko gorriz eta praka zuriz jokatzen zuten, baina Shanklyk prakak ere gorriak izateko agindu zuen, aurkariari ikara emango ziolakoan erabat gorriz jantzitako talde batek. Bestetik, Anfielden, zelaira irteteko tunelean, This is Anfield dakarren kartel ospetsua jartzeko ere berak eskatu zuen. Zaleekin harreman estua izan zuen Shanklyk.

60ko hamarkadaren amaieran, beheraldia izan zuen berriro Liverpoolek, Bill Shanklyk ez zuelako asmatu jokalari beteranoen ordezko gazteak ekartzen. Hala ere, akats hori berandu baino lehen konpondu zuen eta, 70eko hamarkadan, aurreko urteetako lorpenak gainditu zituen hamaikakoa osatu zuen eskoziarrak. Orduan iritsi ziren Hughes, Clemence, Toshack, Heighway eta abar. Ondoren, Kevin Keagan ere batu zitzaion talde bikain hari. 1973an, Liverpoolen historiako aurreneko Europako titulua irabazi zuten, UEFA Kopa, eta baita Liga txapelketa ere. Hurrengo urtean, Kopa irabazi zuten Shanklyren mutilek.

Liverpool une gorenean zela, ezustean, Bill Shanklyk taldea utzi zuen, 1974an bertan. Talde garaiezin haren amaiera izango zela zirudien, baina eskoziarrak oinarri sendoa utzi zien ondorengoei. Urte luzez laguntzaile fin izan zuen Bob Paisley izendatu zuten entrenatzaile eta, ezinezkoa zirudien arren, Shanklyren emaitzak hobetu zituen: 1977an, lehenengo aldiz, Europako Kopa irabazi zuen Liverpoolek eta, 1978, 1981 eta 1984an, berriro. Historiako Liverpoolik onenaren oinarria Bill Shanklyren lanari zor zaio, taldea bigarren mailan hartu eta Europako onenen artean kokatu baitzuen. Gainera, nortasun berezia eman zion klubari.