Werkself, fabrikaren taldea

Egilea:

Data: 2013/09/30

TXAPELDUNEN LIGA (BAYER LEVERKUSEN-REALA)

Bayer Leverkusenen iragana eta oraina uztartu dizkigu Naxari Altunak.

1988ko udaberriak poza eraman zuen Leverkusenera. Poz izugarria. Gehienek ez zuten espero, baina garai hartan maiz gertatzen zen. Alemaniarrak zirelako. Hori nahikoa zen edozein oztopo gainditzeko.

Bayer 04 Leverkusen UEFAko finala jokatzeko sailkatu zen, Espanyolen aurka. Sarrian 3-0 irabazi zuten Javier Clementeren mutilek. Itzuliko partidaren atsedenaldian 0-0 zioen markagailuak. Baina germaniarrak ez ziren sekula etsitzen. Bigarren zatian hiru gol sartu zituen Erich Ribbecken taldeak eta penaltietan erabaki zen lehia. Alemaniarra zen bai Leverkusen, baina erasoko izarrak atzerritarrak ziren: Tita brasildarra, Bum-Kun-Cha hegokorearra, eta Buncol poloniarra. Haiei esker finala orekatu zuen Leverkusenek, eta hamaika metroetako norgehiagokan etxeko atezaina gailendu zen: Rudi Vollborn.

Renania Westfalia iparraldeko taldea hazi egin da 25 urte hauetan. Bundesligan bidea egiten hasi zen 1980ko hamarkadan; eta lehen tituluaren ondotik, klasiko bat bilakatzea lortu du. Ordurarte ez zena. Izan ere, eskualde hartako beste taldeek ospe handiagoa izan dute beti: Borussia Dortmund, Schalke 04, Borussia Monchengladbach, Kolonia, Fortuna Dusseldorf, goi-mailan aritu izan dira Leverkusenen aurretik. Baina azken urteetan, kirol esparruan eta arlo ekonomikoan, orekari eutsi dio eta bere bizilagun gehienei aurrea hartu die. Leverkusen, Dortmund eta Schalke 04rekin lehian dabil, eskualdeko erregetza lortu nahian.

Aspaldi sortu zen Bayer Leverkusen. 1904an jaio zen futbol taldea, Bayer enpresako langileen ekimenez. Barmen herrian sortu zen zen enpresa. Aurrerago, Leverkusenen kokatu zuten Bayerren eraikin nagusia. Fabrikaren zigiluak futbolean ere arrakasta izan du. Nortasun berezia eman dio klubari. Werkself esaten diote Bayer Leverkuseni Alemanian (fabrikaren taldea).

Bundesligaren sorreran (1963), Leverkusen regionalliga delakoan zebilen. Hazkunde prozesua motela izan zen, 20 urte inguru behar izan zituelako txapelketa nagusira iristeko. Eta geroztik ez da goi-mailatik aldendu. Lehenengo Bundesligan lekua aurkitu zuen; goruntz jo zuen gero; eta, egun, Alemaniako futbolaren erreferentzietako bat da. Egonkortasuna da Bayer Leverkusenen marka. Egonkortasun lasaia. Klub osasuntsua da. Gertukoa.

Leverkusenen bilakaeran erabakigarria izan da Reiner Calmund, garai bateko kirol zuzendaria. 1976-2004 artean aritu zen klubean lanean. Taldea Bundesligara iritsi zen bere eskutik, eta egonkortasunera bidean ezinbesteko zutabea izan da. Klubaren ikurrik handienak berak erakarri zituen: Ulf Kirsten golegile handia, Carsten Ramelow mariskala, Jens Nowotny liberoa, Rudi Voller (egungo kirol zuzendaria), eta Michael Ballack, 2002ko talde distiratsuaren burua.

Urte hartan jokatutako txapelketa guztietan azpitxapeldun geratu zen Bayer Leverkusen. Txapeldunen Ligako finala 2-1 galdu zuen Glasgown Real Madrilen aurka; edo, beharbada, Iker Casillasen aurrean, esan beharko genuke. Zinedine Zidaneren gol gogoangarriaren finala izan zen hura. Leverkusenek joko alaia egiten zuen, estilo aldetik aitzindaria Alemanian. Nahasketa bitxia zen: germaniarren kemenaren inguruan, artistak nonahi. Placente, Lucio, Basturk, Berbatov, Neuville, klase handiko jokalariak ziren. Klaus Topmollerrek zuzentzen zuen talde erakargarri hura. Astebetean dena eskuetan izatetik, guztia galtzera igaro zen: Europako Kopa, Bundesliga eta Alemaniako Kopa.

“Neverkusen” ezizena jarri zioten orduan taldeari. Galtzailearen madarikazioa betiko balitz bezala. Leverkusenek ez du titulurik irabazi azken 20 urteotan, baina hor izan da beti, irabazleengandik gertu. Gutxik erakutsi dute bere erregulartasuna goi-mailan.

Rudi Voller kirol esparruaren arduraduna denez geroztik, taldeak bilakaera interesgarria izan du. Garai batean hegoamerikarrei zabaldu zizkieten ateak. Brasildar onak fitxatzen zituen Leverkusenek. Erasoko erdilari finak iritsi ziren, aurrelariekin zubi lana egiten zutenak. Arturo Vidal txiletarra eta Renato Augusto brasildarra izan ziren azkenak. Baina, bat-batean, beste leku batzuetan pausatu dituzte begiak klubeko agintariek.

Jokalari batek gorpuzten du ondoen Leverkusenen izaera. Haztegiko harribitxia da Gonzalo Castro, espainiar jatorriko alemaniarra. Wuppertalen jaio zen, Leverkusenen ondoan dagoen hiri industrialean. Hegaleko atzelaria izan zen hastapenean, eta orain zelai erdiko hauspoa da. Beti gora eta behera. Jaurtiketa bikaina du. Estrategia jokaldietan oso fina da. Azken asteotan min hartuta izan da eta ikusi behar Realaren aurka jokatzeko moduan ote den.

Harrobiko mutilarekin batera, beste hiru zutabe ditu taldeak. Simon Rolfes euskarria da horietako bat. Castrorekin batera, taldean urterik gehien daraman jokalaria. Mutil garaia. Ez da oso bizkorra, baina oreka ematen dio zelai erdiari. Ezkerrez jaurtiketa ona du eta goitik oso garrantzitsua da bi areatan. Lars Bender da taldeko hirugarren erpina, Borussia Dortmungo erdilariaren anaia bikia. Erdilari dinamikoa da, langilea oso. Hirukote horren dohainik onena lanerako prestutasuna da. Ez da jokoa menperatzeko edo lantzeko zelai erdia. Baloia azkar jokatzen dute, taldeko izar nagusia helburu.

Steffan Kiessling golegile zitala da. Erpin nagusia. Bundesligako golegilerik onena izan zen joan zen denboraldian: 25 gol erdietsi zituen. Aspaldi ez dute selekziora eraman. Mario Gomez eta Miroslav Klose nahiago ditu Joachim Low hautatzaileak. Nolanahi ere, maila handiko aurrelaria da Kiessling. Rolfes bezala, mutil handia da. Koordinazio onekoa. Mugimendu bikainak egiten ditu erasoan. Oso argia da. Desmarkean trebea, errematean zorrotza, eta baloia jokatu zale. Sasoiko da.

Azken boladan, arestian aipatutako erasoko erdilariaren figura desagertu da taldetik, hegaleko jokalari bizkorren mesedetan. Schurrlek Chelseara alde egin zuen, baina Son hegokorrearra fitxatu dute Hamburgotik antzeko lana egiteko. Beste aldean Sidney Sam alemaniarrak jokatzen du. Oso biziak dira biak ala biak.

Zelai erdiaren joskera eta erasoko jokalarien izaera ikusirik, joko bertikala egiten du Leverkusenek. Landutako erasoekin eragozpenak izaten ditu. Espazioekin, berriz, min handia egiten du. Aulkirako, Kruse australiar zorrotza eta Derdiyok suitzar boteretsua ditu Sami Hyypia entrenatzaile finlandiarrak.

Atzealdea astun samarra da. Leno atezain ona da, oso gaztea; Andres Palop espainiarra du ordezko. Erditik motela da defentsako laukotea, eta hegaletan asko galdu du taldeak Carvajal eta Kadlecen agurrarekin. Joan zen denboraldian biziki garrantzitsua izan zen Real Madrilek berreskuratu duen eskuin atzelaria. Aurkariak maiz txikitu zituen erasoan ustekabean agertuta. Zortzi pase erabakigarri egin zituen Bundesligan.

Bayer Leverkusen hirugarren da Bundesligan, Bayern Munich eta Borussia Dortmunden atzetik. Fabrikako langile xumeek sortu eta Alemaniako klasikoa bihurtu den taldea.