Unzagak irrizko malkoak isuri zituenekoa
EIBAR
Denboraldi bikainari errepasoa eman dio Joseba Urkiolak.
Bukatu da akabo. Eibar berriro ere 2. mailako taldea da. Lau urteko nahi eta ezinek Hospitaleten egin dute eztanda. Untzaga plaza eta Arrateko Ama gogotsu ziren armaginen bisita jasotzeko eta hauek ere pozarren daude. Berriro ere Eibar goi mailako geografia futbolistikoan sartuko da, eta hori bai talde, zuzendaritza, zale eta herritarrentzat beraientzat ere gauza handia da. 27.000 biztanle dituen bizigune batentzat ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Asko kosta eta landutako saria izan da zilarrezko mailara jauzi egitea. Brontzea dastatzen lau denboraldi egon ondotik gozatu beharreko fruitua ezbairik gabe. Berrikuntza askorekin ekin zion talde armaginak denboraldiari. Ipuruan ere ikasturte hasieran gerrikoa estutu beharrean ziren, eta Gaizka Garitanoren ekarpenaz gaindi, fitxaketen politika eta taldearen norantzkoa eraldatu beharrean izan ziren zuzendaritzakoak. Hori hala, harrobiko lau jokalari lehen taldera eraman zituzten. Realak utzitako 2 jokalari hartu eta esperientzia asko eurenganatua zeukaten jokalariak fitxatu zituzten. Hasieratik xedea argia zen; esperientzia eta gaztetasuna azken nahia egia betetzeko uztartzea.
Tudelanoren aurka Tutera Hirian bigarren jardunaldian porrota jasoagatik, ondo ekin zioten denboraldiari. Gol asko sartuaz, atzean sendo eta itxura ona eskainiz. Jendea gozatzen ari zen Ipuruan, pozik begien aurrean zeukanarekin. Irailaren 29an adibidez, bosgarren jardunaldian alegia, Alavesen bisita izan zuten armaginek Ipuruan. Nacho Gonzalezen taldea partida denak irabazita eta golik hartu gabe aurkeztu zen. Bi taldeentzat ere azterketa ona zen etrokizun hurbilerako nola egon zitezkeen neurtzeko. Bada, Eibarrek 3 sartu zizkien babazorroei eta garaipen landua poltsikoratu zuten. Animo ugari eta ondorengo hilabeteetarako auspoa eskaini zien eibartarrei 3-1 emaitza hark.
Ligan gauzak ondo eta zer esan Errege Kopaz. Athletic Club-en aurka jokatzea nahi izan zuen patuak. Santu Guztien Egunean azaroaren 1ean Ipuruak eguerdi parte zoragarria bizitu zuen. Marcelo Bielsaren mutilak berdegunean, Eibarrek nahikoa estualdi eman zizkien hilabete batzuk lehenago Europa Ligako finalean Bucaresten protagonista izan ziren mutilei. Fernando Llorente, Ander Herrera eta Fernando Amorebieta askoren artean titular gisa atera ziren. Eibarrek gertuago izan zuen garaipena, zuri-gorriek baino. Dena den arantza ondo kentzeko moduan izan ziren. San Mamesen talde armaginak lortu baitzuen Errege Kopako azken partida jokatzea. Mikel Arruabarrenak 11 metrotatik ez zuen hutsik egin, eta 0-1 emaitzarekin final zortzienetako txartela kanpotarrentzat izan zen. Inurriak elefantea mendean hartu zuen. Batzuek ezin sinitsi, besteak pozez lehertzea baloiaren joko zoroak Eibarren aldeko apostu egin zuen. Ordurako jada Untzaga hasia zen pozezko lehen negar malkoak isuritzen eta Arrateko Ama zain loreak noiz jaso.
Errege Kopan bizirik irauteak Gaizka Garitano eta Patxi Ferreirari buruhauste dezente eman zizkien ligari begira. Dena ezin nahi bezala hornitu eta asteburuko azterketa gehienak aprobatu arren, sentsazioak ez ziren nahi bezalakoak. Urritxen adibidez galdu egin zuten Larreategiren gol batekin. Armaginak nekea somatzen hasiak ziren, baina era berean pozik ere bazeuden. Manuel Pelegriniren Malaga aberatsa zain baitzeukaten final zortzirenetako. Isco, Saviola, Duda, Santa Cruz, Demichelis, Willy Caballero. Izarren gaua izan zen abenduaren 18 arrats ilun eta tristea. Ipuruak Olentzerori eskutitza argi eta garbi idatzi zion, etxean Malaga estu hartu eta garaipena lortzea. Ikazkin beltzak erdizka bete zuen eskaria. Txema Añibarro taldeko kapitainak bat eta hutsekoa buruz sartu eta ahoa kolkoratuta eztanda egin zuen Ipuruak. Nahia egia bihurtze bidean zen, baina ezin. Azken hatsean, azken trakan Malagak lehia berdindu egin zuen eta kanporaketa gaizki jarri zuen Eibarrentzat.
Urtea hastearekin Rosaledan saiakera denak ezerezean geratu ziren. Buenanote txikiak gau onegia izan zuen aukeran eta egindako jaurtiketa ia guztiak sare barnean geratzen ziren. Xabi Irureta atezain abil eta Garitanoren pieza garrantzitsuak kurtsoko gaurik makurrenetakoa bizitu zuen.
Errege Kopako ametsak bada alde egin zuen, eta Liga bakarrik geratzen zitzaien armaginei. Urtarrilaren hasiera besterik ez zela kontuan hartuta, oraindik ere 6 hilabete luze helburua bete nahi bazuten. Untzaga ziur zen San Juan inguruan berarengana joan eta festa gozoa dastatu beharrean zela, baina zorioneko Koparen azken tragoa garratza eta mingarria suertatu zitzaien. Jokalari asko min hartuta, taldeak ezin hasierako neurria bilatu eta Garitanoren arbela une askotan blokeatua geratzen zen aurkarien artean. Ligako 11 partida ez aurrera eta ez atzera ibili ziren. Punturen batzuk poltsikoratuz baina aurkariari ezin aurre eginez. Barakaldoren aurka Ipuruan 0-1 galtzeak min handia egin zuen. Gainera euren gotorlekuko zelaia gaizki zegoen, eta askotan Ipuruan jokatzea zailago zen Eibarrentzat bisitarientzat baino.
Ezer ez da betiko baina, eta estropozu guztietatik ikasten den fedearekin egoera makurra iraultzen martxoaren 9an hasi zitzaien, Nojaren aurkako partidan. Lehen zati tristea osatu zuten armaginek eta bigarrenaren hasiera ez zen hobea izan. Viaderorenak hobeki ari ziren eta 0-1 aurreratu ziren. Dena den Eibarrek ezin zuen balbearekin jarraitu eta emaitza aurka edukitzea suspertzeko formula izan zen. Arregik eta Diego Jimenez 93. minutuan buelta eman zioten lehiari. Gol hark armaginen suspertzea ekarri zuen. Ordurako Alaves lider arranditsu zen, Bilbao Athletic itxura ezin hobea eskainia eta Amorebieta 3. postuan. Eibarren abentura oparoaren hasiera izan zen.
Loreak zelaietan haztearekin batera, Eibar onetik hobera joan zen. Golak ez zituzten hasieran bezala sartzen; baina atzealdean eginiko lan oparoak ez zien aurkariei arnasa hartzen uzten. Dani Gartziak, Abaroak eta Ander Capak eginiko lana ere aipatzekoa. Une askotan taldeko jokalari zaildu eta esperientzidunekin batera eurek eraman baitute armaginen zama aurrera. Liga bigarren postuan amaitu zuten. Sentsazio onak plazaratuz eta egunetik egunera hobe sentituz. Gaztetasuna eta esperientzia uztarri berean, azken txanparako prest.
Play offak txango loriatsu izan dira. Alcoyn 0 eta 2 aurreratu ziren. Ander Capak eta David Mainzek egin zituzten golak. Dena den etxekoak hobekiago aritu ziren une askoan eta bina amaitu zen lehia. Ipuruan majo sufrituta banako berdinketa lortu zuten. Berriro ere Diego Jimenez erabakior. 89. minutuan sei urtez egon zen taldeari sailkapena balio zuen gola sartu baitzion. Hantxe hasi ziren festak eta ospakizunak. Carlos Tartieren Oviedoren aurka Eibarrek partida erraldoia egin zuen eta 1-2ko garaipena lortzeaz gaindi, moralki jota utzi zuen Graneroren taldea. Asturiarrek bazuten fedea kanporaketa iraultzeko baina Guille Roldanen golarekin hondoratuta urdinak geratu ziren. Eta zer esan azken aurkariaz. 180 minutuko partida izanatik, 6. minuturako lanak bikain eginda ziren armaginak. Hospitaltekoek denboraldiko jipoirik handienetekoa hartu zuten Ipuruan eta Feixa Llarga zelai artifialean Caparen gola eta Eibarren loria txalotu besterik ezin izan zuten egin.
Inolako zalantzarik gabe denboraldi berezia izan da aurtengoa Eibarrentzat. Zaleen lana gorestekoa. Neguko hotzik sarkorrenean eta udaberriko beroaldietan beti ondoan eduki ditu animoak eta aupadak ematen. Etorkizuna badagoela argi utzi du Garitanoren arbelak. Entrenatzaileak berak 37 urte izangatik 2.B mailako lehen urtean zilarrezko mailara egin du jauzi. Denek ezin izan dute nahi bezala parte hartu, baina Ipuruakoen lana gorestekoa izan da. Orain euren habitat naturalaz gozatzea dagokie. Garitano gidari dela, lana beltz egin beharko dute uda partean. Fran Garagarza zuzendari teknikoa ere hasia da berrikuntzen koadernoa dantzarazten.
Arrateko ama pozik da. Iragan astelehenean lore ederrak ekarri zizkion Txema Añibarro kapitainak eta 6 urteren ostean, talde armaginaren pozaren lekuko izan zen. Eta zer esan Untzaga plazaz? San Juan jaiak amaituak izanagatik, festarik festa dabil azkenaldion eta bera pozik. Kolore gorri-urdina nagusi zela irrizko malko gozoak isuri zituen eta oraindik pozarren segitzen du. Herriko talde historikoak lana beltz egin ondoren herritarrak ederki alaitu ditu eta badaki jendea pozik bada, arazoak ere ekidin eta ingurua gustorago egonen dela. Aro berri bati adarretatik hartu eta aurrera egiteko garaia da. Inoiz ez dute etsiko eibartarrek!!!