Umeen pare
REALA 3
BETIS 3
Lehia irekia bezain ikusgarria jokatu dute bi taldeek, markagailuan gorabeheratsua.
- Ze arraio! Ederra izan da partida. Ikusgarria. Hutsak eta handi samarrak egin dituztela atzeko lanean? Bai, eta zer axola dio? Ikuskizunak merezi zuen Anoetan azaltzea. Taktikoki batere orekarik gabekoa izan dela? Hor konpon. Ikuskizunak merezi izaten du halakorik noizean behin. Sei gol, hiruna talde bakoitzak, eta emozioaren zirrara bi taldeetako zaleen artean ez ezik, partida ikusi duen zale neutralarengan ere bai. Denak gozatzen.
- Hasteko, zorionak bi taldeetako jokalariei. Hasi dira bizi, halaxe segitu dute, eta azken bost minutuetan bakarrik geratu dute abiadura. Lehertzeko moduko ahalegina egin dute, eta azkenean, saria jaso dute: puntu bana bakoitzarentzat.
- Realari gutxitxo irudituko zaio. Badu oinarria hala pentsatzeko; batez ere, lehen zatia aztertuta. Galtzen joan bada ere atsedenaldira, irabazten joan izan balitz ez zen inor harrituko. Makina bat jokaldi on egin ditu, baina azkeneko pasean egin du kale gehienetan. Edo errematea izan denean, atezainak edo ateak urrundu dituzte. Betisen lehen goleko jokaldian, kasu: Agirretxek zutoinera bota du baloia korner batean, eta kontraerasoan gola sartu du Betisek (Jorhe Molinak).
- Lehen zati horretan, Realaren erasoa epaitzen aritu den marrazainak ere ikuskizunaren barruan azaldu nahi izan du, eta hainbat erabaki oker hartu du jokoz kanpokoetan Realaren kaltetan. Bat, nabarmenena: Griezmanni gola baliogabetu dio, Betisek berea sartu baino minutu batzuk lehenago.
- Irekia zebilen neurketa hasieratik, eta leku asko zeukaten aurrelariek nahierara aritzeko. Gozatu ederra hartu dute, gutxitan izaten baitute hain libre aritzeko aukera. Talentuari askatasuna egokitu zaio gaur, eta ez dute aukera alferrik galtzen utzi jokalariek.
- Bigarren zatia bide beretik joan da, eta irekiagoa ere bai. Ezustean, Betisek bigarrena sartu du, Mikel Gonzalezek eta Bravok huts egin eta gero. Pabon kolonbiarrak baliatu du aukera. 0-2 eta maldan gora begirakoa Realaren parez pare. Baina hamar minututan, hiru gol sartu eta irauli egin du partida: Vela, Iñigo Martinez eta Xabi Prieto golegile (azken honena, penaltiz). Handia egin du Realak emaitza iraulita.
- Partida lotzeko ordua zen, baina gaur ikuskizuna zen nagusi, eta hor konpon loturak, arriskuak ez hartzeak eta gainerako sinonimo guztiak. Berdin segitu dute bi taldeek (Betisek ez zeukan beste aukerarik, atzetik zelako emaitzan), eta zoramen horretan, Pabonek bere bigarrena sartu du. Hortik aurrerako minutu ia denak ere gora eta beherakoak izan dira.
- Montanierren ausardia aipatzekoa da: 3-3 zirela, Xabi Prieto kendu du Ifran sartzeko. Agirretxe, Vela, Griezmann eta Pardo zelaian ziren ordurako. Kale edo bale egin du normandiarrak. Azkenean, ez kale eta ez bale. Puntu banaketa.
- Aurrelariek gozatu duten bezala, bereak eta bi ikusi dituzte atzelariek (eta Markelek ere bai Realaren kasuan). Zulo gehiagi estaltzeko. Sufrikarioa. Umeen jolas garaiko neurketa baten parekoa izan da Anoetakoa. Gola helburu bakar, ausardia edonon eta edonola, eta hor konpon atzeko lanak.