Ukraina, arranguraz

Egilea:

Data: 2014/11/24

TXAPELDUNEN LIGA

Shakthar Donetsk, Athleticen biharko aurkaria, bete-betean harrapatu du Ukrainako gerrak.
Naxari Altunak taldeak bizi duen egoeraz idatzi digu.

Beldurra. Telebista pizten zuten bakoitzean ikara nabaria zen taldekideen artean. Europa ekialdeko txoko hartara iritsi zirenean futbola zen euren kezka bakarra; futbola eta senitartekoen ongizatea. Egonezak, ordea, gainezka egin zuen iragan uztailean eta beldurrak bultzatuta hanka egin zuten. Alex Teixeira, Douglas Costa, Fred, Dentinho, Ismaily eta Facundo Ferreyra ez ziren Ukrainara itzuli gainerako taldekideekin batera. Bezperan, Annecyn (Rhone-Alpeak, Frantzia), denboraldi-aurreko azken partida jokatu zuten Lyonen aurka eta frantziarrak 4-1 gailendu ziren. Shakhtar Donetskeko jokalariek beste nonbait zuten burua, futboletik urrun. Arestian aipatu sei futbolari hegoamerikarrak Frantzian geratu ziren klubarekin zuten lotura hautsi asmoz. Egoera behartu nahi zuten, Ukrainak azken urtean bizi duen egoera argudio hartuta. Liskarra puri-purian zegoen orduan eta hala dago oraindik ere.

Rinat Akhmetov presidenteak eta Mircea Lucescu entrenatzaileak gogor jo zuten alde egindako jokalarien aurka: “Bitartekari batek bultzatu ditu erabaki hori hartzera. Guk segurtasuna bermatzen diegu; ez ditugu sekula arriskuan jarriko. Zilegi da beste talde batera joan nahi izatea, baina ez era honetan. Etete klausulei eutsiko diegu eta klubak ez du amore emango”. Mehatxuari men eginda jokalariak Kievera itzuli ziren egun batzuk geroago. Izan ere, Shakhtar Donetskek Ukrainako hiriburuan du etxe berria. Ekialdeko giro gorabeheratsuak behartuta, Donbass eskualdetik alde egin behar izan zuen futbol talde ospetsuak, Donetskeko hainbat biztanlek bezala. Etxetik 730 kilometrora bizi dira orain. Kieven entrenatzen da egunero taldea eta ligako partida batzuk Bannikov futbol zelai txikian jokatzen ditu. Donbass Arena jendetsua lekutan geratu da, halako batean. Poltavaren aurkako Kopa partidan 800 lagun bildu ziren Bannikoveko harmailetan Shakhtar bertatik-bertara ikusteko, besterik ez.

 

Joan zen urriaren 9an Shakhtar Donetsk taldearen egunerokotasuna irudikatu zuen L’Equipe 21 telebista kate frantziarrak Sport Confidential saioan. Darijo Srna kapitainaren aurpegiak eta hitzek taldearen sentipena laburbiltzen zuten: “Hotelean bizi gara. Ez da erraza niretzat etxebizitza bilatzen hastea. Donetsken baita gure etxea. Han daude gure lagunak”. Srnaren hitzak sakonak dira. Atzelari kroaziarra duela hamaika urte iritsi zen Donetskera eta bertako seme kuttuna bilakatu da. Akhmetov presidentea eta Lucescu entrenatzailearekin batera klubaren hirugarren zutoin nagusia da.

Rinat Akhmetov, Ukrainako gizasemerik aberatsenak, eragin handia du Donbass eskualdeko politikan. Kieven duen bost izarretako hotelean bizi da taldea. Kiev, Lviv eta Poltava hirien artean banatu dituzte klubaren sail ezberdinak. Ligan, etxeko partidarik jendetsuenak, eta Txapeldunen Ligakoak Poloniatik 50 kilometrora dagoen Lviv hirian jokatzen dituzte, azken Eurokoparako sortu zuten Lviv Arena dotorean.

Lucescu entrenatzailea, Akhmetov presidentea eta Srna kapitaina, UEFAko Kopa irabazi berritan.

Frantziako egonalditik sei jokalari gutxiagorekin itzuli arren, Ukrainako Superkopa irabazi zuten mehatzariek bi egun geroago Lviv Arenan, Dinamo Kiev 2-0 azpiratuta. Dinamoko zaleak nagusi ziren estadioko txoko guztietan. Ukrainako ereserkiaren doinuarekin batera, jokalariak berdegunean lerrokatu ziren, eta irudi deigarria gailendu zen: Shakhtar Donetskeko Pyatov atezaina eta Srena kapitainaren elastikoek euren taldea eta Dinamoren koloreak nahastu zituzten. Anaitasun giroan jokatu zen partida. Egun horretako aurkariek bi eskualde arras ezberdinak ordezkatzen dituzte: Kiev eta bere ingurua Europar Batasunera begira dagoen bitartean, Donetsk eta Ukraina ekialdea, orohar, Errusiazaleen gotorlekua da.

Rinat Akhmetov, Shakhtarreko nagusiak, Ukrainako Presidente ohi Viktor Yanukovich babestu zuen 2010eko hauteskundeetan. Eskualdeen Alderdi Errusiazaleak irabazi zuen orduko hartan, eta, horrenbestez, Yulia Tymoshenkori gailendu zitzaion Akhmetoven laguna. Errusiarekin harreman ona izan dute bi horiek betidanik.

Akhmetoven aberastasuna, oligarka guztiena bezala, Sobietar Batasuna itzaltzearekin batera piztu zen. 1996an hartu zuen eskuartean Shakhtar Donetsk, 30 urte zituela. Akhtan Bragin, klubeko aurreko presidente gorabeheratsua, atentatuan hil zuten hilabete batzuk lehenago Shakhtarren estadio zaharrean partida bat ikusten ari zela, eta gertakari ilun horrek futbolaren erakusleiho nagusian jarri zuen Akhmetov gaztea. Dirua eta boterea etengabe pilatzen hasi zen. Ukrainako liskarrak hasi zirenetik ez da inon ageri. Baina, duela zenbait hilabete, herrialdearen batasuna aldarrikatu zuen mezu baten bitartez. Oso zuhur ageri da bi muturren arteko gatazkan. Viktor Yanukovich lagunak Errusiara hanka egin eta gero Petro Poroshenko aukeratu dute Ukrainako Presidente, herrialdeko beste oligarka ospetsua, Europar Batasun zalea. Akhmetovek bere negozio oparoei eutsi nahi die, eta ez zaio soka haustea komeni. Horregatik, Errusiarekin duen harreman ona baliatu nahi du Ukrainarako egitura federal bat bultzatuta. Hartara, asmo hori gauzatuko balitz, ez litzateke baztertu behar Rinat Akhmetovek Donbass eskualdean aginte politikoa izatea etorkizunean. Kieveko kaleetan egoera lasaitu da azken hilabeteetan, eta Errusiako muga inguruan da gatazka. Vladimir Putin Errusiako Presidentearen itzal boteretsua oso luzea da.

Ukrainako futbol federazioak gatazka gunetik urrundu ditu Donetskeko Shakhtar, Metalurg, Olimpik eta Luhanskeko Zorya taldeak. Txapelketak aurrera jarraitzen du, baina bi talde gutxiago daude orain maila nagusian: hamasei taldetik hamalaura igaro da Lehen Maila. Krimeak Ukrainatik alde egitea erabaki zuenean, Tavria Simferopol eta FC Sebastopol klubek euren izena aldatu eta Errusiako txapelketetan lehiatzen hasi ziren. Ondorioz, denboraldi amaieran talde bakarra jaitsiko da Bigarren Mailara Ukrainan. Hori dela eta, besteak beste, Karpaty Lviv taldeko agintariek haztegiko gazteei ateak zabaltzea erabaki zuten, gastuak murrizteko.

Oscar Garro, entrenatzaile madrildarra, lan egiteko metodologia eta teknika berriekin iritsi zen Lvivera. Bere lana ederki baliatzen ari da orain talde nagusia, mailaz jaisteko arriskua gutxitu dela ikusita. Etorkizunari begira jarri dira. Baina, zertan da herrialdearen oraina? Zenbait hedabidetan bere esperientziaren berri eman du Garrok, futbolari gazteak armadarekin bat egitera behartuta daudela nabarmenduz, gobernuak hala erabakitzen badu: “Azken minutuan harmailak isildu egiten dira. Halako batean talde bietako zaleek bat egiten dute Ukrainako ereserkia abesteko. Ikusgarria da. Lehen aldiz ikusi nuenean txundituta geratu nintzen”. Shakhtar Donetskek futbol zelai horretan hartuko du Athletic Txapeldunen Ligan, Lviv Arenan.

Ukrainako futbol federazioak Shakhtar Donetski etxeko partidak Arena Lviven jokatzeko aukera eman zionetik, Karpaty Lviv taldea hiriko futbol zelai zaharrera itzuli da. Ostiralean han neurtu zituzten indarrak bi talde horiek liga txapelketan. Lucescuren mutilek 0-2 irabazi zuten, harmailak erdi hutsik zirela, ke artean. Karpatyko zale sutsuek suziriak uneoro piztu zituzten partida osoan eta eztanda hotsak etengabeak izan ziren. Shakhtarreko brasildarrek erabaki zuten partida, Alex Teixeirak eta Luiz Adrianok. Azken hori Brasilgo selekziora iritsi da bere kirol ibilbideko unerik gorabeheratsuenean. Txapeldunen Ligan lortutako bederatzi golek behin betiko bultzada eman diote Luiz Adrianori. Ukrainako txapelketako izar nagusia eta modako golegilea Europan. Ostiralean etxetik at aritu ziren Donetsekeko jokalariak Lviven; asteartean, berriz, euren etxe bilakatuko da Txapeldunen Ligan.

Donbass Arena distiratsua ez dute ezagutzerik izango Athleticeko jokalariek. Donetskeko futbol zelai berria 2009ko udaberrian sortu zen. Shakhtarrek UEFAko Kopa irabazi zuen astean zabaldu zituzten bost izarretako estadioaren ateak. Rinat Akhmetovek jaso zuen garaikurra zerura begira. Futbol zelaiaren eraikitze lanak berak ordaindu zituen. Baina, argiak bat-batean itzali ziren. Ukrainako gatazkaren erdian kalteak jasan ditu Shakhtarren jauregiak; hala estadioak nola entrenamendu guneak, Frantziako selekzioaren egoitza izan zena 2012ko Eurokopan. Donbass Arenako tripak osorik daude, ordea, eta bere zainetatik giza-laguntzarako gaiak ateratzen dira, behar gehien dutenak asetzeko. Betiere Akhmetov misteriotsuaren esanetara. Filantropotzat dute.

Futbolariek, eguneroko lanean murgilduta, ezin diote arazoari izkin egin. “Konponduko da, ziur nago. Eskoziako prozesua eredutzat hartu behar dugu. Demokratikoki eztabaidatu dute euren izana. Hemen antzera jokatu behar dugu”, Taras Stepanenko, Shakhtar Donetskeko euskarriaren hitzak dira. Arranguraz.