Txikiaren harrotasuna

Egilea:

Data: 2013/12/04

INGALATERRAKO FUTBOLAREN HISTORIA 

Munduko futbol talde profesionalik zaharrena da Notts County (1862), eta bere historiaz idatzi digu Dabi Piedrak bere bigarren lan honetan.

Notts County ez da Ingalaterrako futbol talderik ezagunena, ezta indartsuena, aberatsena edo boteretsuena ere. Are gehiago, Nottingham hirian ere, Forest bizilagunaren itzalean bizi izan da aspalditik. Baina Notts Countyren zaleak harro daude beren taldeaz. Meadow Lane futbol zelaiaren bazter guztietan ikus daiteke idatzita: World´s oldest Football League club, alegia, modu profesionalean jokatzen duten kluben artean zaharrena dela. 1862an sortu zen eta, 1888an, Ingalaterrako Liga sortu zuten taldeetako bat ere izan zen Notts County.

Notts Countyren historia ez da bereziki distiratsua. Gaur egun, Division One ligan jokatzen du, hau da, hirugarren mailan. 1992tik ez du gorengo mailan jokatu. 1862an, kluba sortu zutenean, bazkideen arteko partidak jokatzen zituzten, Nottinghameko gaztelu famatuaren jabetzakoak ziren lurretan. Joko zelai hura ez zen futbolerako oso aproposa nonbait eta, beste talde batzuen aurka jokatzen hasi zirenean, zelaia aldatu zuten. 1880ko hamarkadan, tradizionalisten iritziaren aurka Ingalaterra iparraldeko klub batzuk jokalariei ordaintzen hasi zirenean, Notts Countyk bat egin zuen ideia horrekin. Hala, klub profesional bihurtu zen eta, beraz, 1888an Ingalaterrako Liga sortu zuten taldeetako bat izan zen. Lehenengo denboraldian, azkenaurreko lekua bete zuen sailkapenean.

1891n, Kopako finala jokatu eta 3-1 galdu zuen Blackburn Roversen aurka. Astebete lehenago, ligako partida batean, Notts Countyk 7-1 garaitu zuen Rovers, baina final handian indarrak huts egin ziola dirudi. Dena dela, 1894an Kopa irabazi zuen Nottinghameko taldeak, Liverpoolen jokatutako finalean Bolton Wanderers garaituta (4-1). Harrezkero, beste titulurik ez du lortu Notts Countyk. 1926tik 1981era, gorengo mailan jokatu gabe egon zen, 55 urtez jarraian, eta Nottingham Forest bizilagunak tarte hori aprobetxatu zuen hiriko talde nagusia bilakatzeko. Bi taldeen zelaiak aurrez aurre daude, Trent ibaiak baino ez ditu banatzen.

80ko hamarkadako susperraldi txikia igarota, Notts Countyk 1992an jokatu zuen azkenengoz goi mailan. Arazo ekonomiko batzuk gaindituta, orain hirugarren kategorian dago. Ez da historiarik arrakastatsuena, baina zaleak harro-harro daude, munduan dauden milaka futbol talde profesional guztien artean, beraiena baita zaharrena. Gainera, Italiako Juventus erraldoiak, Notts Countyri hartu zizkion elastikoaren marra zuribeltzak. Hala, 2011n Turineko taldeak estadio berria zabaldu zuenean, Notts County gonbidatu zuen lehenengo partida jokatzera.