Txapeldunen Liga jokatuko du Athleticek

Egilea:

Data: 2014/08/27

TXAPELDUNEN LIGA

  • Napoli menderatu du (3-1), 0-1 galtzen jarri eta gero bigarren zatiaren hasieran. Aduriz (2) eta Ibai izan dira golegileak.
  • Bihar arratsaldean izango da multzoen faseko zozketa (18:00etan).

Athleticek lortu du sari potoloa. Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatu da. 3-1 irabazi dio Napoliri San Mamesen, eta joaneko 1-1koari gehituz, 4-2 gainditu du kanporaketa Italiako taldearen aurka.

Okertu egin zaizkio gauzak taldeari, bigarren zatia hasi eta berehala gola sartu diolako Napolik, Hamsiken bidez. Gola behar zuen Athleticek, eta 61. minutuan sartu du Adurizek, korner bateko erdiraketa baliatuz.

Gero etorri dira italiarren atzelarien opariak, eta ederki baliatu ditu Valverderen taldeak. 69. minutuan, baloi luzeak eragin du Napoliko Albiolen eta Rafael atezainaren arteko hutsa, eta hantxe zen Aduriz aukera alferrik ez galtzeko. 74. minutuan, Ibai Gomezek baliatu du atzelarien beste huts bat, eta 3-1ekoarekin bukatu da partida.

Bihar egingo dute multzoen faseko zozketa, 18:00etan.