Txapeldunen Liga edo Europako Liga

Egilea:

Data: 2014/08/27

TXAPELDUNEN LIGA 

  • Athleticek kale edo bale egin behar du gaur San Mamesen (20:45): Napoli menderatzen badu, Txapeldunen Ligan ariko da; bestela, Europako Ligan.
  • Joaneko partidan 1-1 egin zuten.

Gaur, orain eta hemen. Ez dago beste ezer. Gainerakoa kontua da, alferrik jardutea. Gaur, orain eta hemen egin behar du Athleticek. Egiten badu, Txapeldunen Ligako multzoen fasean ariko da; egiten ez badu, Europako Ligaren ase beharko ditu Europan aritzeko goseak.

Napoli edo Athletic. Bietako bat. Biak ez. Finala da gaurkoa. 20:45ean hasiko da San Mamesen, eta duela astebete, joanekoan, 1-1 egin zuten.

Ez dago faboritorik, eta ez da berdinduta daudelako emaitzan. San Paolin ikusi zenaren arabera, Napoli hobea da gutxirekin asko egiten: hamabost minutu on nahikoa izan zituen Athletic dantzan ibiltzeko. Athletic hobea da partida bere neurrian eramaten, hori egitea lortu baitzuen Napolin. Gaur zer aterako duten bi taldeek ikusteko dago. Baliteke, agian, joanekoan azaldu ez zituzten ezaugarriak plazaratzea.

Momentuz, husnakoarekin Athleticek egingo luke aurrera, kanpoan sartutako golari esker. Hango emaitzak behartu egiten du Napoli gola sartzera, eta erasoaldi horri aurre egiteko, defentsako lanak ondo egin beharko ditu Ernesto Valverderen taldeak. Goian presionatuz edo atzerago etorriz, baina ondo. Eta jakina, erasoan aukera duen bakoitzeko baliatu egin beharko du. Barkatu ezer ez.

Napoliri egokitzen bazaio jokoaren ekimena eramatea, han baino trebezia handiagoa erakutsi beharko du lan horretan. Eskas ibili baitzen.

Emaitza han justua izanik, jokaldi guztiek egundoko garrantzia izango dute, eta nola ez, geldikako jokaldien garrantzia handia izango da.

Jokalariei buruz hizketan hasita, joanekoan Muniainek bereak eta bi egin zituen, erraz ibili zen. Ikusi egin beharko da Napolik estuago lotzen duen gaur. Nafarraren antzeko bat bada Napolin: Mertens. Berak aldatu zuen partida San Paolin, eta baliteke hasieratik aritzea gaur. Athleticek tentuz ibili beharko du. Baita Higuainekin ere. Eta Hamsik ere zaindu egin behar. Jokalari on asko dauzka Rafa Benitezek, eta batez ere, azkarrak. Bizitasun hori da italiarren indarra, eta hori geratu beharko du Athleticek. Opariak ez egitea gakoa izango da; ezin dio baloia eman Napoliri leku arriskutsuetan.

Asko dute jokoan biek. Dena. Txapeldunen Liga edo Europako Liga. Aldea dago batetik bestera.