Txapeldun sakona

Egilea:

Data: 2014/07/13

MUNDUKO KOPA  2014

ALEMANIA  1  /  ARGENTINA  0

Luzapenean lortu du bere laugarren Munduko Kopa Alemaniak, Goetzeren golari esker.

  • Munduko Kopa honetako garailea Alemania izatea oso sakona da. Esanahi handia dauka. Datuengatik, estatistika hotzak berotzen dituelako: laugarren txapelketa du (1954, 1974, 1990 eta 2014), eta batez ere, hau da kontuan hartzekoa: Hego Amerikan jokatu den txapelketa bat irabazi duen Europako lehen selekzioa da. Historian gordeta geratuko da azkeneko datu hori.
  • Txapeldun sakona da, bideak eta prozesuak garrantzia erabatekoa izan eta gero. Emaitzez haratago, behin hasitako bideari koherentziaz eutsi izan dio Alemaniak. Urteetan atzera joan behar da gaurkoaren sustraia aurkitzeko. 2006ko Munduko Kopa, Alemanian bertan. Bi urte lehenago Federazioak hautsi egin zuen betiko Alemaniarekin: beste eredu bat behar zen jokatzeko. Indarra, lehiakortasuna, borroka, baliabide fisikoak… hori guztia lehengoa zen, eta ez zegoen galtzerik, baina beste zerbait behar zuen selekzioak: lan taktikoa, teknikoa. Iraultza izan zen Jurgen Klinsmanni entrenatzaile kargua ematea, baina erabaki haren oinarrian asmo sakona  zegoen.
  • Klinsmannen laguntzaile zen Joachim Low. Eta 2006tik entrenatzaile nagusi izendatu zuen Federazioak, Klinsmannek lana utzi eta gero. Bide berriaren aurreneko harriak ezarrita zeuden, eta hor jarraitzen dute oraindik. 2004tik 2014ra, hamar urte, eta aurreneko harri haien gainean filosofia sendoa eta sakona eraikia daukate. 2006an, Munduko Kopan, finalerdietan izan zen Alemania; 2008ko Eurokopan bigarren sailkatu zen; 2010eko Munduko Kopan, finalaren atarian geratu zen berriz; 2012ko Eurokopan ere bai; eta gaur, 2014ko uztailaren 13an, lan sakonari emaitzarik handiena jarri diote: Munduko Kopa.
  • Filosofia horrek erasoko jokoa du oinarrian, baloia zelaiaren gainera jaitsi eta hasi jokatzen. Betiko lehiakortasuna gainetik kendu gabe. Ikusi Munduko Kopa honetako azken partidan zer egin duen Alemaniak, eta ederki azaltzen du zer den Alemania moderno hau. Aurkaria edozein izanda ere, jokatzeko era beti bera; partida bere biziko garrantziaren parekoa izan arren, jokatzeko era beti bera.
  • Argentina, aurkaria. Zitala kontraerasoan; Alemaniaren ereduarentzat arriskutsuena. Berdin dio, Alemania berean, arriskuak hartuz. Atzealdean bi atzelari eta Argentinako bi aurkari buruz buru geratu direla lehen zatian? Berdin dio. Argentinak Higuainekin sekulako aukera izan duela eta Messik ere kontraerasoetan arriskua eragiten zuela, berdin izan zaio Alemaniari. Erasora. Erritmo bizian, ahal izan duenean. Khedirak min hartu duela beroketan, eta bere ordezko Krammerrek ere zelaia utzi behar izan duela hasieran kolpe latza hartuta? Berdin dio. Alemania berean.
  • Baloia du lagun Alemania modernoak, eta jokalari trebeak. Zelai erdia jokalariz bete eta Lahmen igoerak baliatu. Horra estrategia. Iritsi da bai erraz antzean Argentinaren areara, baina minik egin ezin: azkeneko metroetan asmatu ez. Baina bideari tinko eutsi dio, ez du aldatu ezertxo ere. Bigarren zatian, Argentinako Sabellak aldaketa taktiko aberatsa eta burutsua: hiru euskarri jarri ditu (Perez, Mascherano, Biglia) eta horien aurretik Messi edo Aguero ipini, Higuain eta Messi edo Aguero goi-goian utzita. Hiru jokalari goian azkenean. Kontraerasorako arma gaiztoa. Gero, Palaciok ordezkatu du Higuain; estrategia ez da aldatu.
  • Horren aurrean, Alemania ez da kikildu. Berean segitu du. Ezta Messik bigarren zatiko lehen minutuetan alferrik galdu duen aukera galdu eta gero ere. Eskuin hegalera eraman du erasoa ia beti, ezkerraldetik Howedes hegaleko atzelariak ez duelako ekarpen handirik egiten. Kosta egin zaio Argentinako hiru euskarriei min ematea, baina ez du etsi. Geldikako jokaldi batean, zutoinak eragotzi du Alemaniaren gola, Howedesen burukadan.
  • Bazihoan partida. Bi talde, bi eredu. Partida hasierako gidoia hautsi gabe: Alemania baloiaren jabe, eta Argentina kontraerasoaren bila. Eta luzapena ate joka. Golik ez. Izan du aukera handia Palaciok luzapenaren hasieran, baina erabaki okerra hartu du, eta ez du asmatu. Hain berdindua egonda partida, bi aukera zeuden: penaltietara heltzea, edo gol bat sartzen zuena txapeldun izatea. Goetzek sartu du gol hori, 113. minutuan. Ezker hegaletik jokaldi bat egingo eta Schrrleren erdiraketa Goetzek baliatu du. Kitto partida eta Munduko Kopa. Bidezkoa da ikusgarria izan den txapelketak Alemania eta bere jokoa edukitzea txapeldun. Sakontasunaren garaipena.