Txapeldun gaztea

Egilea:

Data: 2012/12/05

TORNEO INICIAL (ARGENTINA)

Velez Sarsfieldek irabazi du txapelketa, jardunaldi baten faltan, jokalari gazteen aldeko apustua eginez.

Argentinako klub entzutetsuena da. Tituluek ematen dute sona, eta beste bat gehitu dio zerrendari joan den asteburuan. Velez Sarsfieldek irabazi du Torneo Inicial izenekoa (lehen Apertura zena). Jardunaldi bat falta da, baina inork ezin du harrapatu sailkapenean.

Azkeneko bi hamarkadatan, zortzi bider irabazi du Torneoren bat Argentinan. Horra arte ez du misteriorik berriz ere garaile izanak. Beste nonbait dago garaipen honen argia: jokalarien adinean. Gazteen aldeko apustua egin zuen klubak abuztuan, lehengo taldeko hainbat jokalarik ospa egin zutelako edo klubak saldu zituelako.

Marcelo Barovero atezaina River Platen ari da orain. Fernando Ortiz atzelariak Racing Avellanedan dihardu. Victor Zapata eta Augusto Fernandez erdilariak Independienten eta Celtan dabiltza, hurrenez hurren. Juan Manuel Martinez aurrelariak Corinthias aldera jo zuen. Hector Canteros Vila-realen dabil, eta David Ramirez nahiz Mauro Obolo Godiy Cruzen. Azkeneko Torneoan, Clausurakoan, titularren erdiak faltan zituela ekin behar zion Torneo Inicial honi.

Orduan, klubak eta Ricardo Gareca entrenatzaileak ez zuten burua galdu. Etxe barrura begiratu zuen jokalari bila, eta bai aurkitu ere. Titularren artean lekua hartu dute gazte hauek: Fernando Tobio atzelariak (23 urte), Ariel Cabral erdilariak (25 urte), Francisco Cerro erdilariak (24 urte) eta Lucas Pratto aurrelariak (24 urte). Eta beheko taldeetatik gorako bidea beste hauek egin dute: Lucas Romero erdilariak (18 urte), Agustin Allione erdilariak (18 urte), eta Gino Peruzzi erdilariak (20 urte); azkeneko hau Argentinako selekzioan ere aritu da azkenaldian.

Gazteei babesa ematen beteranoak izan dira: Emiliano Papa atzelaria (30 urte), Federico Insua erdilaria (32 urte), Fabian Cubero erdilaria (33 urte), eta Sebastian Dominguez atzelaria (32 urte).

Fitxaketa pare hau ere ona atera zaio: Sebastian Sosa atezain uruguaiarra eta, batez ere, Facundo Ferreyra aurrelaria (Banfielden ari zen, eta taldea jaitsi egin zen azkeneko Clausuran); Ferreyra ere gaztea da, 21 urte baino ez baititu. Bada, bera nabarmendu da, Torneoko golegile onena izaten ari baita, 11 gol sartuta.

Horra talde txapelduna. Adinaren batez bestekoa ez da handia aterako. Esperientzia eta gradua lotuta joan izan ohi dira, baina Velez hau izendatzeko beste zerbait asmatu beharko da.

http://www.youtube.com/watch?v=T9gFsPY2y7I