Txalo jo eta zoriondu

Egilea:

Data: 2012/05/25

ESPAINIAKO KOPAKO FINALA

Athleticek ez du batere aukerarik izan Bartzelonaren aurka (0-3). Hogeita bosgarren minuturako horixe zen emaitza.

Futbolean jokatzeko eredu beraren bi aldeak aurrez aurre, eta batek baino ezin irabazi. Eredu horretan, onenak izan dira denboraldi honetan, baina bakarrak zezakeen irabazi. Bartzelona askoz hobea izan da, eta ez dio aukera alerik eman Athletici.

Hasi orduko, jan egin ditu lehoiak. Aukera bat, beste bat… eta hogeita bosgarren minuturako, azkeneko emaitza ageri zen markagailuan (0-3). Esan beharreko guztia esan beharrik ere ez dago. Pedrok (2. minutuan), Messik (19.ean), eta Pedrok berriz (24.ean) zapuztu dituzte Athleticen asmo guztiak.

Lehen zatian, sekulako aldea egon da bi taldeen artean. Ito egin du Bartzelonak Athletic: presioan eta zuri-gorrien presioa aise puskatuz. Baloia behar dute lagun lehoiek, eta etsai izan dute hasierako pusketa horretan; ezin bizpahiru pase jarraian eman. Eta Bartzelona oso eroso, bien bitartean.

Bigarren zatian, emaitza hain handia izanik, erosoago moldatu da Athletic. Aukera batzuk ere eduki ditu, baina asmatu ez. Seigarren partida segidan du gaurkoa golik sartu gabe; datu historikoa da.

Finala izateko, finalek izan ohi duten zerbait kendu dio Bartzelonak partidari, hain nagusi izanik: emozioa, zirrara. Talde zapaltzailea izan da berriz, eta halakoetan, ez du aurkaririk oztopo laurdena jartzeko ere.

Hala galtzeak, ezintasuna eragiten du. Eta ezintasunak, haserrea zenbaitengan. Baina denboraldiari ikuspegi zabalaz begiratu behar zaio. Gaurkoa bakarrik ez da denboraldia izan, zorionez. Beste partida askorekin batera osatzen du bide hori. Eta Bielsak dioen bezala, “bidea da garrantzitsuena”. Gaurko astinduak ez du itsusituko lan bikain honen azterketa. Beste bat askoz hobea denean, txalo jo eta zoriondu.

AP