Tulipa laranjak Ipaneman
MUNDUKO KOPA 2014
Herbehereak talde sendoa ari da izaten, eta Louis Van Gaalen lana ikusten du horretan Naxari Altunak. Selekzioaren inguruko lan hau idatzi digu.
Munduko Kopa hasi baino egun batzuk lehenago Holandako jokalariak hondartzan zebiltzan, jolasean. Espainiaren aurka jokatu behar zuten Mundialeko lehen partida. Aurreko txapelketako finala gogoan. Herbeheretako jokalariak olatu artean ikusita, eguzkipean, Brasilen, 1992ko Danimarkarena gogora etorri zitzaidan. Hondartzatik, gailurrera! Zergatik ez?
Danimarkako jokalariak oporretan zeuden, ustekabean Suediako Eurokopa jokatzeko deia jaso zutenean. Jugoslavia zigortuaren hutsunea bete zuten eskandinaviarrek. Baita ondo bete ere. Holanda, aitzitik, Brasilgo Mundialerako sailkatuta zegoen; Espania eta Txileren aurka lehiatu aurretik, turisten traza antzeman zieten hainbatek Sneijder, Kuyt, Robben, Van Persie eta enparauei. Hegoafrikako finalean gailurra zapaldu zutela zirudienean, oztopo guztiak gainditzen ari dira lau urte geroago, finalera bidean. Norbaitek arestian aipatutako jokalariak turistatzat hartu bazituen, aulkira begiratzea nahikoa zuen aurreritzi horiek uxatzeko. Louis Van Gaal. Harekin ez dago txantxetan ibiltzerik.
Mundiala hasi aurretik, Holandak bost atzelarirekin jokatuko zuela zabaldu zen. Horrek errezeloa eta harridura sortu zuen, voetbal-total miresgarria bultzatu zuen herrialdea izanda. Kultura kontua da. Joko kultura. Aspaldian, 1-4-3-3 moldea erabili izan du Holandako selekzioak, eta hango klubek ere paradigma hori jarraitu izan dute, nagusiki. Hegalekoen lur emankorra izan da beti. Marc Overmars eta Ronald de Boer bezalakoak beti izan dira, zabalean, jokoari sakontasuna emanez. Bi jokalari zabalean, eta artista bat barrutik: Dennis Bergkamp, Patrick Kluivert, Robin Van Persie… Ajaxen molde bera zuen selekzioak.
Frantziako Mundialean Holanda eta Argentina elkarren aurka aritu ziren final-laurdenetan. Marseillako partida hartan, Bergkampen hegaldiak, baloi-kontrolak, erremate dotoreak, Marco Van Bastenen garaietara eraman gintuen. Eta MVB ikusten genuen bakoitzean, Johan Cruyffi buruz entzundakoak irudikatzen genituen. Betiere irribarre batekin. Futbol osoaren irria.
Louis Van Gaalek azken hamarkadetako Ajaxik onena izan zuen eskuartean duela 20 urte: Santiago Bernabeun miresmena sortu zuen hura. Baloia kendu zion Real Madrili eta, besteak beste, Guardiolaren grina piztu zuen. Kokapen jokoaren lilura. 1994/95 hartan, Clarence Seedorf eta Patrick Kluivert gazteak gailendu ziren. 18 eta 19 urteko gazteak, Danny Blind eta Frank Rijkaard bezalako beteranoen artean. Talde hartako zaharrena (Blind), eta gazteena (Kluivert), Van Gaalen laguntzaileak dira egun. Horretan maisua izan da beti Holandako hautatzailea: gazteen alde egiten, batez ere. Azken Ajax handia eraiki zuen, eta egungo Bayern Munich egituratzen hasi zen, Holger Badstuber, David Alaba eta Thomas Müller haztegitik talde nagusira igota. Gainera, Bastian Schweinsteigerren kokapena aldatu zuen, hegaletik barrualdera. Erdilari ile-horiaren jokoa aberastu zuen horrek.
Aurrekari horiekin, eta Holandako selekzioarekin 2002ko Mundialera bidean kale egin ondoren, Van Gaalek erronka zaila zuen Brasilgo Mundialean, Manchester Unitedera joan aurretik. Jokalarien baliabideak aztertu ondoren, atzealdea indartzea erabaki zuen, aurrelari bizien bizkarra babestuz. Kevin Strootman erdilari finak min hartuta, zelai erdia umezurtz geratu zitzaion. Sormenerako aukera gutxi. Hiru erdiko atzelari, bi euskarri sendo, hegal luzeak, eta artistak goian: Sneijder, Robben eta Van Persie. Ez da Holandaren ohiko aurpegia, baina Mundial honetan tradizioa amnesiak jota omen… Van Gaal oso argia da, horretan ez dago zalantzarik. Costa Ricaren aurkako penalti jaurtiketen atarian atezaina aldatu aurretik, beste hamaika erabaki hartu ditu bere taldearen baliabideei etekinik handiena ateratzeko, betiere aurkariaren ahuldadeak ondo aztertuta.
Arjen Robben izan da Herbeheretako jokalaririk erabakigarriena Mundialean. Berak piztu du taldea: barrutik eta kanpotik. Sneijderrek egiten ditu zubi lanak, eta Van Persie beti dago atea zabaltzeko prest. Hegalean, berriz, Rafa Benitezekin Liverpoolen taldearen mesedetan lana beltz egiten ikasi zuen Dirk Kuyt prestua ageri da. Horiek abiapuntutzat hartuta, talde bortitza sortu du Van Gaalek. Eredivisien ari diren jokalari gazteak aintzat hartu ditu: PSV Eindhoveneko Memphis Depay eta Georginio Wijnaldum, esaterako. Atzelari gehienak, berriz, Feyenoordetik eraman ditu. Van Gaal beti gazteen alde. Horretan sinesten du.
Munduko Kopako hiru final galdu ditu Holandak. Hiru izar izan zitzakeen, baina urrezko kopa aurkariak eraman zuen: Alemaniak, Argentinak eta Espainiak, hurrenez-hurren. 1970eko hamarkadako porrotak zaleen oroimenean geratu ziren, joko proposamen freskoa eta iraultzailea lagun. Gertatu izan da: irabazteko baliabiderik onenak izan, merituak egin, eta galdu; aitzitik, baliabide eskasagoak izanagatik, aurkariaren gabeziei etekina ateratzeko talde trinkoa moldatu, eta txapeldun atera. Ipanemako hondartzan tulipa laranjak ageri dira egunotan. Laster, agian, mundu osora zabalduko dira.