Torino: tragediari ihes egin ezinik
EUROPAKO LIGA
Torinoren historian badira bi gertakari latz: Supergako tragedia, batetik, eta bestetik, Gigi Meroniren heriotza auto istripuz.
Europako Ligako final hamaseirenetako zozketa egin zenean, bazekien zerbait zozketak berak. Europako bi klub historiko jarri zituen parez pare: Torino Football Club eta Athletic. 108 urte dauzka Italiakoak, eta 117 Euskal Herrikoak.
Torino nongoa den izenak berak azaltzen du argien. Turinen du sorterria eta etxea. Berehala etortzen da gogora hiri horretako beste taldea: Juventus. Azkeneko hamarkadetan, loria guztiak zuri-beltzek jaso dituzte, eta Serie Bn sarri ibili behar izan du Torinok. Baina hara non, emaitzen arteko ezberdintasun handi horrek ez du aldatu Turingo tiffosien iritzia. Torinok jarraitzaile gehiago dauzka. “Gu gara turindarren taldea”, aldarrikatzen dute.
Orain ez bezala, garai batean loriatsua izan zen orduan Torino Calcio izena zuen taldea. Batez ere, aurreko mendeko 40ko hamarkadan bost aldiz irabazi zuen Calcioa, eta horietako lau jarraian izan ziren. Baina zorigaiztoak ez zuen kupidarik izan talde garekin. Bortizki astindu zuen. 1949ko maiatzaren 4an, Lisboatik Turina zihoan ‘Il Grande Torino’ hura, abioian. Laino artean galduta, Turinen kanpoaldean dagoen Supergako basilika jo zuen abioiak. 31 lagun hil ziren, tartean 18 jokalari.
Sekulako zartakoa izan zen hura Italiako eta Europako futbolean. 60ko hamarkadaren bigarren erdian altxatu zuen burua klubak, tituluei erreperatzen bazaie. Italiako Kopa irabazi zuen 1967-1968 denboraldian. Baina berriz ere tragediak harrapatu zuen kluba. Gigi Meroni, Italiako garaiko jokalari onena, auto istripuz hil zen 1967ko urriaren 15ean. Bere zale handia zen Attilio Romerok eraman zuen aurretik, eta gauzak zer diren, 35 urte geroago, Romero klubeko presidente izan zen.
Calcioa azkenekoz 1975-1976 denboraldian irabazi zuen, eta ordutik gaur bitarte, 1993an jaso zuen azkeneko garaikurra: Italiako Kopa. Denboraldi bat lehenago, UEFA Kopako finalera heldu zen, baina Ajax nagusitu zitzaion, bi partidetan berdinketa egin arren.
Harrezkero, Serie Bn ere sarri ibili da, eta maila horretara jaitsi ere egin zuten arazo ekonomikoak eraginda. 2011-2012 sasoitik dago Serie An, baina disdira handirik gabe. Aurreko sasoian zazpigarren egin zuen, eta bada lorpen handia klubarentzat, horregatik ari baita Europa denboraldi honetan.
Aurrera jarraitzen du lehiaketan, eta bolada onean harrapatu du Athleticen aurkako kanporaketa honek Italiako talde historikoenetako hau.