Tom eta Jerry
ATHLETIC 2
OSASUNA 0
Athleticen eraginkortasunak Osasunaren ausardia zigortu du bart Anoetan.
- Futbolean jokatzeko mila era daude, eta talde bakoitzak berea dauka edo komeni zaiona aukeratzen du partida bakoitzean, aurkariarena kontuan izanda. Talde batzuk oso nabarmenak dira: beti edo ia beti antzeko moldea erabiltzen dute; beste batzuk kameleoniko samarrak dira: jantziz aldatzen dute neurketan zehar. Bart, Anoetan, Osasuna izan da nabarmena, eta Athletic itxuraz aldatuta azaldu da.
- Osasunak bereari eutsi dio: defentsan presioa eta atzeko lerroa ere oso aurreratuta. Arriskuak hartuz. Athleticek kontraerasora jokatu du neurri handi batean; batez ere, lehen zatiko aldeko golak eraginda (Arribasek bere atean). Bigarren gola kontraeraso ederra izan da (De Marcosek gola, hamar bat minutu falta zirela).
- Osasuna marrazki bizidunetako Tom izan da. Athletic Jerry. Katua eta sagua. Katua sagua harrapatzen ibili da, eta mila eta bat ahalegin egin ditu, bere burua erabat biluztuz. Sagua ezkutuan moldatu da, tranpak ezarriz katuari… eta marrazki bizidunetan bezala, Osasunak hartu ditu kolpe guztiak, eta saguak irabazi du bien arteko lehia.
- Futbolaren eta marrazki bizidunen arteko alderaketa horretan, ñabardura hau egin behar da: Osasunak, atzo bezala, jokatzen badu, ez du beti Tom katuarena jokatuko. Jerry ere izango da. Irabazlea, alegia. Athleticen kasuan, berriz, Tom bezain agerian akaso ez da geratuko, baina Jerryrena egiten hobeto ikasi behar du, bigarren zatiko une askotan, Tomen menpe egon zelako, erabat galduta, mugituz gehiegi baina zentzu handirik gabe.
- Sufritu egin zuen Athleticek bere zelaian defendatzen bigarren zatian. Osasuna egin zen baloiaren jabe, eta gozatu egin zuen baloia erabiliz. Zentzuz eta ondo aritu zen, baina bukaera falta. Hobetu beharrean da alor horretan. Athleticek ere defentsako lana landu beharko du: talde antolaketa, lerroak elkartzea, jokalari guztien mugimenduak bateratzea…
- Bart gaueko emaitzak, lanerako bi aldarte utzi ditu, puntuek ematen dutena Athleticena, eta puntu ezarena Osasunarena. Sei ditu Athleticek, eta lehen lekuan da; Osasunak ez du alerik, eta atzeko zuloan da. Zer den futbolarena… landuen dagoen taldeak, Osasunak ezin partidarik irabazi; eta lantzeko dezente falta zaionak sei dauzka. Tomek ere landuta dauzka mila eraso Jerry harrapatzeko, baina ez du inoiz asmatzen. Jerryk ihes egiten dio, biziagoa delako, arinagoa, eraginkorragoa. Hori ere futbolaren baitan gertatzen den egoeretako bat da.