Tigreak kaiolatik ihes egin duen arte
REALA 0
ATLETICO 1
Azkeneko minutuan sartu du gola Falcaok, eta Realaren partida sendoari sari txikiena ere kendu egin dio.
- Benetako partida izan da Anoetakoa. Handi horietakoa. Gutxitan izaten direnetako bat. Atletico Madrilek ekarri du talde handiaren izana eta izena, eta gaur, Realak erakutsi du badakiela handi izaten handien aurka. Emaitza txarrak ezin du ondorio hori ezkutatu. Nabarmendu egin behar da, eta zabaldu.
- Nagusitasuna batek izan badu zenbait unetan, hori Reala izan da. Baloiaren jabetza lagun (aurkariak hala nahi izan duelako, ziurrenik), estu hartu du kontrarioa. Ez dira izan tarte luzeak, baina izan direnean, Realarenak izan dira.
- Atletico Madrilek oso gutxitan erakutsi du nagusi izate hori. Akaso, bigarren zatiaren hasieran, defentsako lanean presioa goian erabiltzen hasi denean, lerroak atzeratu beharrean (ia partida osoan egin duena).
- Minutuak aurrera joan ahala, gero eta gehiago kosta izan zaie bi taldeei lerroak atzeratzea, eta Realak batez ere, aukera bat edo beste izan du kontraerasoetan. Velarena argiena eta garbiena. Sartu izan balitz… Gutxi falta zen lehia amaitzeko. Baina Vela ez da Falcao.
- Falcao bat eta bakarra da. Ondo lotu dute Realekoek, baina falta jaurtiketa batean, araudiak ez du uzten faltarik egiten. Bakarrik utzi behar izaten da jaurtitzailea… eta tigrea bakarrik denean, argi! Zartako latza eman dio baloiari, sarera joan zedin. Gol bakarra, eta 90. minutuan.
- Berdinketa ere sari txikitxoa izango zen Realarentzat. Irabaztekotan batek Realak irabazi beharko zuelako, baina azkenean, ezta sari txikiena ere. Puntu alerik ez. Itxura onaren poz txikia bakarrik geratzen da… eta beste zenbait gauza. Hauek:
- Besteetan baino oreka gehiagorekin eraso duela iruditu zait. Jakinik Atletico Madrilen indarra kontraerasoa dela, ziurrenik. Oreka horri eustea ez da lagun txarra izango hemendik aurrera ere.
- Velari eta Griezmanni norbaitek esan beharko die taldeak gola sartzea dela garrantzitsua, eta ez norberak. Ez da kontu berria hau. Berekoiak dira arearen inguruan, eta taldeak nozitzen du akats hori.
- Asteon, asko hitz egin da Simeonek bereei eman dien lehiakortasunaz. Gaur, aitzakiarik ez Realekoei alde horretatik, baina malizia falta garesti ordaintzen da. Falcaoren golean, zenbat tarte irabazi du hesiak? Gutxiegi, edo batere ez. Azken minutua izanik, Falcao parean izanda… ia parean jartzeraino atera behar zuen hesiak, edo hesikoren batek, edo…
- Epailearen lan okerra zigorrak ezartzerakoan. Lehen zatian, txartelak ez ditu banatu, ez du justizia banatu… injustizia bai leporaino. Eta area barruan baloiari eskuarekin jotzea penaltia ez al da?