Taldearen porrota

Egilea:

Data: 2013/02/08

AFRIKAKO KOPA

Boli Kostak jokalari sortarik politena eraman zuen Afrikako Kopara. Txapelketa irabazteko faborito nagusia zen, aurreko ekitaldietan bezala, baina final-laurdenetan etxerako bidea hartu behar izan zuen. Jokalari politak aipatu ditugu; baina talde eragingarri bat osatzeko hori baino gehiago behar da. Talde izaera hobea erakutsi dute, besteak beste, Nigeriak eta Burkina Fasok, finala jokatuko duten bi taldeek.

 

Jean-Marc Guillou ez da gustura izango. Edo bai. Duela bi urte, Hegoafrikako Munduko Koparen atarian, Boli Kostako agintariak estu hartu zituen. Talde espirituaren aurka aritzea leporatu zien, 1993an Sol Benin Mimosifcom futbol akademia sortu zuen frantziarrak.

Hexagonoko entrenatzaileek eragin handia izan dute beti Afrikan. Claude Le Roy ile-horia da aitzindarietako bat, talderik talde urterik gehien daramana, George Weah Europara ekarri zuen gizona (Kamerunekin Afrikako Kopa eskuratu zuen 1988an, eta aurtengo ekitaldian Kongo eraman du txapelketara). Jean- Marc Guillou ere aitzindaria izan zen, baina beste esparru batean: formakuntzan.

Jean-Marc Guillou

Frantziako selekzioarekin Argentinako Munduko Kopan izan zen Nizako erdilaria. Bere ibilbidearen amaierak Michel Platiniren aurreneko urratsekin bat egin zuen. Jokalari fina zen. Goi-mailako entrenatzaile gisa, ordea, ez zuen arrakastarik izan, eta gazteak trebatzen hasi zen Boli Kostan. ASEC Abidjan taldearen baitan sortu zuen Sol Beniko akademia, futbolari gazteak profesional bihurtzeko asmoz. Heziketaren funtsa futbolaz haratago zihoan: ikasketak ere zentro horretan burutzen zituzten. Mimosifcom zentroko taldeak Afrika osoan nabarmentzen hasi ziren, eta Europako bitartekariak begirada zorrotzarekin jarraitzen hasi ziren gazte haien bilakaera.

2006an Boli Kosta estreinakoz aritu zen Munduko Kopan. 23ko zerrendan Sol Beniko akademian hazitako 13 jokalari ageri ziren. Toure anaiak (Kolo eta Yaya), Eboue, Boka, Zokora, Gervinho, Kalou, Bakary Kone eta enparauak handik pasatakoak ziren. Hasiera batean Europarekin ez zuen loturatik Guillouren ekimenak; ASEC Abidjanera bideratua zegoen. Talde espirituan oinarrituta, sormenari bide emanez. Agintariak eskua sartzen hasi ziren arte. Orduan, Guillouk egitasmoaren bigarren zatia abian jartzea erabaki zuen.

Akademiako jokalaririk onenak Europan zabaltzeko zubi lanak egingo zituen klub bat begiz jo zuen. Belgikako ligan ahulduta zebilen Beveren aukeratu zuen. Denboraldi batean ia talde osoa Boli Kostako futbolariez osatuta zegoen. Brujas, liga txapeldunaren aurka Kopako finala jokatuta, UEFAn lehiatzeko sailkatu ziren afrikarrak. Esperimentu bitxia izan zen. Baina, noski, jokalarien arduraduna nor izendatu zuten ikusita, susmoak berehala zabaltzen hasi ziren. Jean-Marc Guillou hartu zuten zuzendari gisa, eta Beveren jokalariak beste talde batzuetara mugitzeko bitarteko bihurtu zen. Arsenalekin harremanetan izan zen, Londresko taldeak jokalaririk interesgarrienak hartzeko lehentasuna izan zezan, baina UEFAk harremana zapuztu zuen. Gunnersek garai hartan ziotenez, belgikarrei ekonomikoki lagundu zieten, besterik ez, baina erakundeek negozio ezkuturen bat susmatu zuten.Nolanahi ere, Beverenetik jokalari bat eraman zuen Arsene Wengerrek: Emmanuel Eboue.

Eboue, Arsenalekin partida batean.

Etorkizuneko selekzioko kapitainak, berriz, beste bide bat aukeratu zuen gorengo mailara iristeko. Didier Drogba Frantziara bidali zuten bere gurasoek, lehengusu baten etxera. Lehengusua futbolaria zen. Drogbak Frantzian egin zituen ikasketak, lehengusuaren altzoan. Ez zen futbol formakuntza zentro batean aritu, eta horrek bidea zaildu egiten du. Drogba taldez-talde aritu zen, L1era iritsi arte. Bretainian erakutsi zituen hortzak, Asterixen lurraldean: Guingampen. Florent Maloudarekin batera hegan egin zuen; Marseillan aritu zen lehenengo, eta Chelsean gero. Stamford Bridgen mito bihurtu arte.

Boli Kostako gerrate zibilak futbolarien grina piztu zuen, herrikideekin bat eginda. Zoramena izan zen Munduko Koparako sailkapena lortu eta Abidjanera iritsi zirenean. Baina selekzioak ez ditu herrikideak erabat asetu. Ez jokatu dituen bi Munduko Kopetan, ezta tartean izan diren kontinenteko txapelketetan ere. Izarren hautsa.

Jean-Marc Guillouk agintariei bota die errua: “Guk balio batzuk utzi genituen han, jokamolde bat, baina goitik dena zapuztu dute”. Afrikan zaila da talde bat osatzea futbolariak Europan gailentzen direnean. Kamerunen kasua adibidez: 1982ko Munduko Kopan lan polita egin zuen Canon Yaounde taldea ardatz zuen selekzioak; 1994ko Munduko Kopan, ordea, hautsi egin zen selekzioa. Agintarien eskuartzeak, izarren egoak, entrenatzailearen irizpideak… hainbat gauzek izan zuten eragina. Boli Kostako jokalariek Europako goi-mailako taldeetan jokatzen dute: Manchester City, Galatasaray, Fenerbahçe, Espanyol, Arsenal, Stuttgart, Lillen… Eta, halako batean, Nigeriak muturrekoa eman zien, talde hobea zela erakutsita.

Halilhodzic, Arljeriako egungo entrenatzailea eta Boli Kostako ohia, eta Drogba, egungo Afrikako Kopan.

Azken urteetan izen handiko hautatzaileak izan ditu Boli Kostak, emaitzei lotuta fitxatuak: Henri Michel, Ulie Stielike, Vahid Halilhodzic, Sabri Lamouchi… baina ez dute jokalari polit horiek taldera egokitzen jakin izan. “Agintariek hankapean ibili zituzten guztiak. Emaitzak ziren euren helburu bakarra”, zioen Jean-Marc Guillouk. Bera beste txoko batzuk mihatzen hasi zen: Malin, Madagaskarren, Vietnamen, Aljerian, eta orain Frantzian. Paris FC eskuartean hartu du, PSG ospetsuaren itzalean. Bere ustetan, Paris Saint-Germainen helburua jokalari handiak fitxatzea izango da, haztegia alde batera utzita. Eta hamar milioi biztanleko esparruan, hutsune hori betetzeko asmoarekin iritsi da Parisera. Munduan zehar sakabanaturik dituen akademietatik eramango ditu futbolariak. Urte gutxiren buruan L1 mailan jokatzea da helburua. Gizon bitxia, Jean-Marc Guillou!