Talde kosmopolita

Egilea:

Data: 2014/07/01

MUNDUKO KOPA 2014

Erreportaje honetan, Naxari Altunak Suitzako selekzioaren eta etorkinen arteko harreman estua azaldu digu.

Suitzako futbola duela 20 urte esnatu zen. Erretiroa hartu baino lehen izarren bat fitxatzen zutenean hausten zen hango klubekiko ahanztura. Orduan pizten zen, soilik, futbolzaleen arreta. Ulie Stielike Neuchatel Xamax taldera joan zenean, adibidez. Edo, bestela, klub apal batek Hego Amerikako gazte bat eraman eta halako batean izar bihurtzen zenean. Beste talde handiago batera jauzia egiten zuenean, orduan bai, “Ivan Zamorano, golegile txiletarra… Sevillak fitxatu du, Saint-Gallen taldetik…”.

Orain 20 urte Estatu Batuetako Mundiala jokatzeko sailkatu zen Suitzako selekzioa. Eta zeresana eman zuen, batez ere Errumania mendean hartu zuenean, lehen fasean. Errumaniarrak, gero, final-laurdenetaraino iritsi ziren, aurretik Argentina etxera bidalita. Suitzarren artean aurreneko erreferenteak Ciriaco Sforza erdilaria, Alain Sutter erasoko jokalari bihurria, eta Adrian Knup golegilea ziren. Behingoz, bazen argudiorik Suitzako futbolari buruz hitz egiteko. Izan ere, aspalditik, helvetiarren herrialdea eta futbola agintarien erakunde zurrunekin lotuta azaltzen zen, besterik gabe. UEFA eta FIFAren etxea baita Suitza.

Suitzako jokalariak gol bat ospatzen 1994ko Munduko Kopan

Baina, selekzioa txapelketa handi batean aspaldiko partez azaldu zenean, bazuen halako xarma berezia. Zenbait jokalarik ez zuten kantoi haietako izen-deiturarik. Ramon Vega atzelaria Nati-ko kapitania izan zen. Ingalaterrako Eurokopan parte hartu zuen, 1996an; Nestor Subiat, berriz, modako aurrelaria zen. Bi errealitate arras ezberdinak, bizitzan eta futbolean beti gertatu direnak. Are gehiago Suitza bezalako herrialde berezian.

Ramon Vega erdiko atzelariaren gurasoak lan bila abiatu ziren hara. Semea Olten hirian jaio zen, Solothurn kantoian. Futbolean trebea izaki, goi-mailako ikasketekin uztartu zuen bere kirol ibilbidea, eta egun ekonomilari ospetsua da Suitzan. Bost hizkuntza menperatzen ditu Ramon Vegak. Grasshoppers taldean erreferente bilakatu zen eta gero Tottenhamen jokatu zuen, besteak beste.

Nestor Subiat futbolari argentinar baten semea zen. Aitak Frantzian jokatu zuen, eta Nestor txikia han hasi zen bere kirol ibilbidea lantzen. Luganora iritsi zen arte. Han golegile sen bikaina erakutsi zuen eta Suitzako txapelketako izar nagusia bilakatu zen. Stephane Chapuisat eta Marco Grassi golegile gazteekin lehian aritu zen argentinarra. Bertako hiritar bihurtzeko baldintzak betetzen zituela eta (emaztearen aldetik), selekzioan jokatzeko proposamena egin zioten eta erronkari eutsi zion.

Nestor Subiat, Grasshoppers taldean jokatzen zuenean.

1990.eko hamarkadan, etorkinen semeen erreferente nagusia Kubilay Turkylmaz aurrelaria izan zen. Selekzioko golegile nagusia, Alexander Frei azaldu arte. Hark zabaldu zuen turkiarren bidea Nati-an. Etorkinen bigarren belaunaldiko semeak ziren, Suitzan jaioak. Haren ondoren, Yakin anaiak azaldu ziren (Murat eta Hakan), gero Eren Derdiyok aurrelaria, eta ondoren Gokhan Inler erdilaria.

Turkiarrak 1960ko hamarkadan lan bila abiatu ziren Europa erdialdera. 1980ko estatu kolpe militarraren ondoren errefuxiatu gisa iristen hasi ziren hainbat familia Suitzara, eta migrazioa aregotu zen kurduen aurkako jazarpenarekin. Balkaniar jatorriko gizasemeak ere anitz dira. Eskulan aberats gisa iritsi ziren hasieran, zientzia eta teknika arloan ekarpen garrantzitsua eginda, baina gero gerra garaian etorkinen oldea ugaldu zen, errefuxiatu estatutuarekin.

Kubilay Turkylmaz

Espainiar eta turkiar jatorriko jokalarien ondoren, albaniar-kosovarrak iritsi dira selekziora. Valon Behrami, Blerim Dzemaili, Admir Mehmedi, Xherdan Shaqiri eta Granit Xhaka Suitzako ikurrak dira egun. Lau horiek Europako klub ospetsuetan jokatzen dute: Napoli, Bayern Munich eta Borussia Monchengladbachen, hurrenez-hurren. Shaquiri eta Xhaka Basilearen harrobian hazi ziren, eta FC Basel ospetsuaren hazkundean ezinbesteko jokalariak izan dira.

Ottmar Hitzfeldek, aurrealderako, kroaziar eta bosniar jatorriko bi jokalariren artean egiten du bere hautua: Josip Drmic eta Haris Seferovic dira hautagai nagusiak. Mario Gavranovicek (min hartu eta etxera itzuli da), berriz, bi herrialde horietako arbasoak ditu. Hirurak Suitzan jaio dira eta Nati-ren elastiko gorria janzten dute.

Xakha eta Shaqhiri, Hondurasen aurkako garaipena ospatzen

Ricardo Rodriguez ezker atzelaria zeresan handia ematen ari da Mundialean. Aita espainiarra eta ama txiletarra du Wolfsburgoko jokalariak. Ramon Vega, Ricardo Cabañas, Martin Rueda eta Philippe Senderosen arrastoa jarraitzen ari da. Belaunaldi berriek Suitzako futbola aberastu dute. Nahasketa aberasgarria izan da. Granit Xhaka, Haris Seferovic eta Ricardo Rodriguez 17 urtez azpikoen Munduko txapeldun izan ziren 2009an Suitzako selekzioarekin. Selekzio nagusia berriro ere sailkatu da Mundialeko bigarren fasera. Aurretik, Alemaniako Munduko Kopan Ukrainaren aurka amore eman zuten hamaika metroen lehian, final-zortzirenetan. Beste aukera bat dute orain, zortzi urte geroago.

Duela hilabete batzuk Suitzan egindako erreferendumean etorkinei mugak jartzea erabaki zuten. Gizakia eta bere kontraesanak: munduaren mugikortasunak hamaika kolorez margotu duen herrialdean festa galanta izango da Argentina mendean hartzen badute. Futbola, kosmo… polita.