Sortu, irabazi, desagertu

Egilea:

Data: 2014/11/05

INGALATERRAKO FUTBOLA

Hamarkada askoan talde amateurra izan eta gero, 80 eta 90eko hamarkadetan Ingalaterran zeresana eman zuen Londreseko Wimbledon FC-k. 1988an Kopa irabazi zuen. Bolada onak ez zuen iraun, ordea, eta 2004an, izena aldatu eta beste hiri batera eraman zuten. Dabi Piedraren lana.

Historia bitxia da Wimbledon Football Clubena. Bitxia, behinik behin, Ingalaterran ez delako ohikoa ibilbide labur baina arrakastatsu bat egitea. Haatik, Londres hego-mendebaldeko talde apal hark eskema guztiak aldatu zituen 80ko hamarkadan. Berez, Wimbledon ez zen talde berria, 1889an sortu baitzen Wimbledon Old Central izenarekin. Baina, kontua da, talde amateurra, erregional mailakoa, izan zela 1977ra arte. Urte hartan futbol profesionalerako jauzia egin zuen, orduko laugarren mailan onartu baitzuten.

Ordura arte auzoko talde apala izandakoa, hazi egin zen abiada bizian. Konturatu orduko, tradizio handiko aurkariak atzean utzi eta Lehen Mailarako txartela eskuratu zuen 1986an, lau denboralditan hiru igoera lortuta. Artean goia jo gabe zegoen, ordea, Wimbledon. 1988ko maiatzean, Ingalaterrako Kopako finala jokatzeko sailkatu zen. Aurrez aurre, Liverpool ahalguztiduna zuen, baina Londreskoek irabazi zuten. Hura izan zen Wimbledonen gailurra.

98.000 ikusle batu ziren Wembley estadioan, 1988ko maiatzaren 14an. Alde batean, Liverpool, Europako klubik boteretsuenetako bat, izarrez josia, modako taldea. Faboritoa. Beste aldean, Wimbledon FC, ezustean hara iritsia, disdirarik gabeko jokalariekin, Liverpoolen biktima izateko hautagai aproposa. Liverpoolen erauntsia izugarria izan zen, gol aukera etengabeekin. Wimbledonek, baina, sendo eutsi zion eta, gainera, atsedenaldia heltzear zela, Lawrie Sanchezek 1-0ekoa egin zuen buruz. Bigarren zati osoan, Liverpoolek ez zuen berdinketarako bidea aurkitu. Penaltia ere izan zuen alde, baina gerora Realean jokatu zuen John Aldridgek huts egin zuen. Wimbledoneko Dave Beasant izan zen, Ingalaterrako Koparen historia luzean, finalean penalti bat gelditu zuen lehenengo atezaina.

Kopa irabazita, Wimbledonek ez zuen Errekopa jokatzerik izan, Heyselgo tragediagatik Ingalaterrako taldeek debekatua baitzuten Europan lehiatzea. Ligan, 90eko hamarkada osoan, goi mailan eutsi zion Londreseko taldeak. Hala ere, gainbeheraren zantzuak agertzen hasi ziren. Wimbledonen ohiko zelaia, Plough Lane, ez zen inondik inora egokia futbol zelaietako segurtasun arau berrietarako. Hartara, Crystal Palace auzokidearen zelaira aldatu zen Wimbledon. 2003an, zuzendaritzak iragarri zuen, azkenean zelai berria lortu zutela, beraientzat bakarrik. Baina zelai hura Milton Keynes hirian zegoen, Londresetik 90 kilometrora. Han amaitu zen Wimbledonen abentura labur baina zirraragarria.

Zale gehienek ez zuten onartu Milton Keyneserako aldaketa hura. Wimbledon AFC izeneko kluba sortu zuten, zaleek kudeatua, baina beheko mailetan dihardu, betiko Wimbledonen arrakastatik urrun. 80ko eta 90eko hamarkadetan goi mailan aritu zen klubaren jarraipen legala Milton Keynes Dons izenekoa da eta hark ere ez du aparteko lorpenik batu hamar urtean. Hirugarren mailan jokatzen du. Finean, Wimbledonen historia laburra izan zen, baina polita, iraun zuen artean. 25 urteko epean, goi mailara iritsi, onenei aurre egin, Kopa irabazi eta betiko desagertu zen.