- Partidua 0-0 bukatu ostean, Unai Emeryrenek penaltien loteria aldeko izan zuten.
- Hondarribiarrak entrenatzaile bezala bere lehen titulua lortu du.
- Benficak 8. aldiz jarraian Europako final batean kale egin du.
- Bela Guttmannen maldizioak ez du amaierarik oraingoz, entrenatzaile hungariarrak orain dela 52 urte esandakoa bete egiten da. Oraingoan Sevilla taldea izan du aurkari Benficak, eta amesgaizto. Andaluziarrek hirugarrenez altxatu dute Europa Ligako kopa, penaltietan orain ere, Espanyoli bigarrenean irabazi zion bezala.
- Lehen zatian Sevillak kontrolpean izan zuen partidua baina aukera oso garbirik sortu gabe eta azken minutuetan asko sufritu behar izan zuen hutsegite inozo batzuengatik. Jorge Jesusenek gola sartzeko bi aukera paregabe alperrik galdu zituzten.
- Sevillak baloia atzetik ateratzeko luze jo zuen lotsarik gabe behar zuenean, eta motzean atera zuen ahal zuenen. Emeryrenek motzean gaizki ateratako bi baloitik heldu ziren lisboarren aukerarik garbienak. Benficak berriz gutxi arriskatu zuen, baloia ondo ukitzen badakiela erakutsi zuen, baina Sevillaren presioa kosta egiten zitzaion gainditzea, eta bide zuzenagoa erabili zuenean bakarrik sortu zuen arriskua Betoren ate inguruan.
- Bigarren zatia zoroa hasi zen, eta bi taldeek aukera ederrak izan zituzten, baina ezin izan zituzten gauzatu. Joan- etorriko minutuak izan ziren hasierakoak, ate batetik bestera. Zelai erdirik ez zegoen, eta baloia galtzen zuten bakoitzean gol aukerak sortzen ziren. Hala ere, goraipatzekoa bi taldeetako erdiko atzelarien partidua.
- Lehen minutuen zoramena pasa ostean, portugaldarrek baloiaren jabetza lortu zuten, eta Sevillaren nekea aprobetxatuz gehiago izan ziren, baina lehen zatan bezala ezin izan zituzten gol aukerak gauzatu. Aipagarria, bigarren zatian ze gutxi agertu zen Rakitic Sevillaren jokoan, lehen zatian ez bezala, eta hauek asko igarri zuten jokoa eraikitzerakoan.
- Luzapenean, normala denez, arrisku gutxi hartu zituzten, eta horrez gain nekeak eragin handia izan zuen. Bigarren zatiaren amaieran bezala Benficak sentsazio hobeak izan zituen, eta bazirudien balantzak alde batera jo behar bazuen gorrien alde egingo zuela; hala eta guztiz ere, azkenean Baccak izan zuen aukera norgehiagoka erabakitzeko, baina jaurtiketa gutxigatik kanpora joan zitzaion. Horrenbestez penaltietara iritsi ziren.
- Eta penaltietan, Sevillako atezain portugaldarra heroi, bi penalti gelditu zituen bere taldea Europako zerura eramateko hirugarrenez.