Sevilla eta Benfica, koparen bila

Egilea:

Data: 2014/05/14

EUROPAKO LIGA

Finala jokatuko dute bi taldeek gaur, Turinen (20:45)

Europako Ligak denboraldi honetako azkena izango du gaur gauean: finala jokatuko da. Sevilla eta Benfica aurrez aurre. 20:45ean, Turinen (Italia).

Euskal herritar bat izango da bertan: Unai Emery. Lehen finala du entrenatzaile bezala hondarribiarrak. Beste lorpen bat bere ibilbidean, lan onak egindakoa eta emaitza onak ateratakoa baita Lorcan, Almerian eta Valentzian. Orain, Sevillan, beste horrenbeste egiten ari da.

Sevillak irabazia du Europako Liga (lehen UEFAko Kopa zena). 2005-2006 eta 2006-2007 denboraldietan lortu zuen kopa, bi urtez jarraian.

Benficak ez du inoiz irabazi lehiaketa hau; bai, ordea, Europako Kopa. 1960-1961 eta 1961-1962 denboraldietan izan zen. Joan zen sasoian ere Europako Ligako finala jokatu zuen, baina galdu egin zuen Chelsearen aurka (1-2).

Benficaren inguruan, bada istorio berezi bat, Europako finalen inguruan. Europako Kopa haiek irabazi eta gero, talde hartako entrenatzaile zen Bela Guttman hungariarra kalera bota zuen klubak, soldata handiagoa eskatzeagatik. Agurrean, hauxe bota zuen: “Ni gabe, Benficak ez du gehiago Europako lehiaketarik irabaziko”. Harrezkero, zazpi final jokatu ditu Europan, eta guztiak galdu.

Gaur hautsiko ote da Guttmanen madarikazioa?