Saria ausartei
EUROKOPA 2012
Poloniak eta Errusiak berdindu egin dute (1-1), A multzuko bigarren jardunaldian.
- Gerra kontuetaz asko dakite Polonian eta Errusian, zoritxarrez. Terminologia desatsegin horren berri ez die inor eman behar: bonbak, balak, irabazleak, galtzaileak, koldarrak… eta ausartak. Ausartak izan dira Polonia eta Errusia futbol zelaian, gudarik baketsuenak izaten diren leku horretan. Irabaztera jokatu dute, eta birek ezin dutenez batera irabazi partida berean, puntu banarekin joan dira. Saria, hauxe: azken jardunaldian, beraien esku daukate final-laurdenetara sailkatzea.
- Txapelketako partida politena izan da. Nabarmen, gainera. Politak erritmo bizia behar du, eta eduki du neurketak, nola ez. Gora orain, behera gero; gora berriz, behera ondoren. Zenbat horrelako egin ote dituzte. Irekia egon da lehia. Edonork irabazteko moduan. Bakoitza bere ereduarekin: Errusia jokoa ondo landuz, eta Polonia, baloia lapurtuz eta kontraerasoan oinarrituz.
- Bikaina izan da borroka taktikoa zelaiaren erdi-erdian. Hiru jokalari alde bakoitzeko. Berdintasuna hausteko, Errusiak mugimendu onak egin ditu, Arxavin hegaletik barrura joanda; batek zuloa utzi, besteak bete. Poloniarren artean, lekua galdu samar zuena bere leku zuzena hartuz, mugimendua zuzenduz. Elkarri etengabeko laguntzak emanez. Lehen zatian izan da hori, bigarrenean gehiago hautsi delako partida.
- Poloniak geldikako jokaldi denetan egin du errematea aurreneko 35 minutuetan. Baina Errusiak egin dio gola jokaldi mota berean (Dzagoevek, 37. minutuan; hirugarren gola du txapelketan).
- Gola jaso eta gero, Polonia bai eta ez ibili da. Galduta. Lehengo bideari eutsi, ala arrisku handiagoak hartu. Errusiak ez du baliatu une hori.
- Bigarren zatian, ausardia gehiago ausartu da. Kolpea kolpeari. Errusiak bide okerra hartu du erasoan, erditik sartu nahian behin eta berriz, jokoa moteldua zegoenean. Poloniak askotan berreskuratu du baloia esparru horretan. Kontraerasoa gero. Jokaldia ez bazuen amaitzen, beste aldekoen kontraerasoa. Eta horrela minutu askotan.
- Joan-etorri horretan, bi gauza handi gertatu dira. Bat: Arxavin oso ona da baloia oinetan eramaten, eta horrela erritmoa aldatzen, baina burua gutxi altxatzen du, begiratu ere ez du egiten ingurura; eta hain jokaldi bikainei ez die amaiera zuzena beti ematen. Baloia berak galdu du area ertzean… eta kontraerasoan sartu du berdinketaren gola Poloniak (Blazsczikowskik,57. minutuan). Horixe da puntu honetako ‘Bi’: Arxavinen beste muturrean jarri da golegilea jokaldiari eraginkortasuna ematean.
- Bukaeran, akituta zeuden jokalariak. Eta konturatu dira berdinketa ona dela bientzat. Bien arteko gudarik baketsuena bandera zuriak ateraz amaitu dute. Zaleek ere atera zitzaketen trapu edo zapi zuriak, ikuskizunagatik. Jokalari denen omenez.