Sanferminak, uztailean

Egilea:

Data: 2013/03/08

BETIS    2
OSASUNA  1 

Partida berdinduta zuenean eta nagusi zenean, Osasunak harrika bota du hamar minutu falta zirela, jokaldi batean dotoreziak egiten saiatzeagatik, eta kontraerasoan Betisek ez du barkatu.

  • Tiki, taka eta toko ez dira Osasunako jokalariak. Osasunakoak Nano, Nino eta Sisi dira. Osasunak ezin du marrazki bizidunak egiten hasi, baina gaur egiten hasi da, eta garesti ordaindu du balentria, harrokeria, axolagabekeria edo dena delakoa. Jokaldi bat izan da, baina nahikoa lan on guztia harrika botatzeko.
  • 79. minutuan jarri du soka bere lepoan, eta orduan bota du alde batera tente eusten zion aulkia. Urkatu egin du bere burua. Erasoan zen Mendilibarren taldea, eskuin hegaletik, pase batzuen bidez jokaldia landuz; hegaletik erdialdera eraman dute baloia, eta han, jokalari batek erraztasunak utzi eta dotorezia aukeratu du: orpoarekin hasi da lagunari pasea ematen, eta halakoetan askotan gertatzen dena gertatu da: baloia galdu dute. Kontraerasoan zitala da Betis, eta oparia ez du alferrik galdu Ruben Castrok. 2-1ekoa izan da, eta akabo Osasunaren itxaropenak.
  • Galtzen hasi da Osasuna 19. minututik, eta berdindu arte 63 minutu pasatu dira, ordubete pasa. Tarte horretan, denetarik izan da Osasuna: golaren ondoko minutu batzuetan, Betisen mende egon da, bere zelaitik atera ezinda; geroko minutu guztietan, Betis eduki du hankapean Osasunak. Baloiari erabilera zuzena emanez, eta defentsatik erasorako bide zuzenak aurkituz (hegal batetik bestera, eta erditik hegaletara baloia eramanez). Gato Silvak berdindu eta gero ere, nagus izaten segitu du taldeak… 79. minutuko oparia egin arte.
  • Betis hobeto moldatu den tartean, Beñaten lan ona pairatu behar izan du Osasunak. Eta Ruben Castrorena, eskuin hegaletik erdirantz jotzen zuenean, eremu horretan zuloak uzten aritu delako taldea. Oier punta-erdi lanak egiten aritu da, Silva galduta aritu da tarte horretan, eta Lolo bakarrik ez zen gauza bere eskuin-ezker zituen zuloak tapatzeko. Gabezia horren ondorioak: erditik eskuin hegalera jokoa askotan zabaldu du Betisek, pase luzeen bidez. Lehen gola horrela sortu dute, eta Campbellen erdiraketa dotore bota du sarera, buruz, Jorge Molinak.
  • Zelai-erdian zerbaiten beharra zuen taldeak, eta hori osatzea izan da Mendilibarren aldaketen asmoa; atsedenaldian, aldageletan utzi du Oier, eta Cejudo zelairatu. Kike Solarekin ere hautu bera egin du entrenatzaileak, eta Masud atera du. Bigarren zatian, ondo moldatu dira bi berriak eta Silva, Armenteros eta De las Cuevas. Lehen aipatutako baloiaren erabilera, horra.
  • Nagusitasuna ez du gauzatu aukeretan, ordea. Edo azken pase txarra, edo jaurtiketa okerra… Silvak kontraeraso zitala gola bilakatu duen arte. Ederra izan da jokaldia (erditik hegalera defentsatik erasorako trantsizioa egiteko, eta erdiraketa), eta Silvaren jaurtiketa ere zehatza teknikari dagokionez.
  • Ematen zuen… baina ematen ez zuena gauzatu da azkenean. Pena da galtzea beti, eta itxura ona emanda, penagarriagoa; eta Betisen erasoko jokoa indarrik gabe utzi eta gero, are penagarriagoa. Baina argi daude kontuak futbolean: opariak garesti ordaintzen dira, izan Lehen Mailan, izan hondartzako txapelketetan. Bigarren partida segidan galdu du Osasunak, eta orain, azkeneko hirurek ez dezatela hirunaka bildu punturik.