San Mendilibar

Egilea:

Data: 2013/05/26

OSASUNA  2
SEVILLA   1

Osasunak 1. mailan segituko du, Sevillaren aurka emaitza irauli eta gero. 

  • San Fermin… eta San Mendilibar. Osasunak 1. mailan segituko du beste denboraldi batez gutxienez. Sevillari irabazi egin dio, eta aurkarien emaitzak guztiak aldekoak izan dituenez, denboraldiko helburua lortu du.
  • Eta sekulako balioa eman behar zaio balentriari. Aztertu denboraldi honetako taldea, eta alderatu joan zen sasoikoarekin. Nabarmena da balioa galdu duela taldeak. Oso talde justua, dena esaten hasita. Bada, Mendilibarrek dotore jantzi du, behar zituen arropak eman dizkio, eta jardunaldi baten faltan, helburua gauzatu du.
  • Horretarako, gaur irabazi egin behar zuen, eta galtzen hasi da. Bigarren zatiaren hasieran sartu du gola Negredok. Izerdi hotza Sadar zaharrean. Osasunari kostatzen zaionarekin golak sartzea (aukerak sortzea ere bai), beldurra hezurretaraino sartu da Osasuna zale guztietan. Bigarren mailan ikusi du bere burua batek baino gehiagok.
  • Baina hara non, golak sartzea ikaragarri kostatzen zaion taldeak (jokalarien kalitate teknikoa dena delako), sekulako bi gol sartu ditu. Puñalek zartako latza eman dio baloiari area ertzetik, eta armiarmak bizi diren zul horretan jarri du. Bost urte zen azkeneko gola sartu zuenetik. Garaipenarena eta salbazioarena, Cejudok sartu du. Falta alde, area kanpoan, erdialdean. Beste zartako eder bat, eta bigarren gola.
  • Poza eta algara Sadar zaharrean, sufrimenduak bisita gehiegi egin dituen denboraldian. Ezin zuen bestela izan. Taldea asko ahuldu zuten udan, eta mirariaren parekoa da Osasunak 1. mailan jarraitzea. San Mendilibar aulkian edukitzearen aldea.