San Mamesen azkenekoa

Egilea:

Data: 2013/06/05

ATHLETIC-BIZKAIKO SELEKZIOA (gaur, 20:45)

Zelai mitikoan jokatuko den azken partida izango da, eta bihar hasiko dira botatzen.

Egun historikoa da gaurkoa Euskal Herriko futbolarentzat. San Mamesek ateak itxiko ditu betiko, Athleticek eta Bizkaiko selekzioak elkarren aurkako partida jokatu eta minutu batzuetara. Bihar bertan hasiko dira hondeamakinak zelaia botatzen. San Mames berriak hartuko dio lekukoa laster.

20:45ean hasiko da neurketa. Gutxienekoa partida bera izango da. Emozioak gainerako guztiari hartuko dio gaina. Tristurak ere bai, maitatua den norbait joaten denean bezala. San Mamesen bilduko diren zaleei bertan bizi izandako irudiak pasatuko zaizkie gaur burutik, bata bestearen atzetik. Zenbat oroitzapen! Zenbat bizipen!

Gaurkoa ere ondo gordetzekoa izango da. San Mamesen bizi izandako guztia ehun urtean ezin dute makinek bota, eta gaurkoa ere ez. Eskerrak!