Sam Firthen espiritua

Egilea:

Data: 2012/12/13

CAPITAL ONE CUP (erreportajea)

Bradford Cityk kaleratu berri du Arsenal, eta ezagun egin da. 1985ean, gertakari latz hau bere zelaian gertatu zen: harmaila batek su hartu eta 56 zale hil ziren.

Handia egin du Bradford Cityk asteon: Arsenal kaleratu du Capital One Cup-en, penaltietan. Laugarren mailan dabil orain. Abenduaren 11 klubaren historian gordeta geratuko da.

11 zenbakia eta Bradford City lehendik ere elkarri lotuta geratu ziren, betiko. 1985eko maiatzaren 11 hura ere historian kateatuta lotuta dago. Klubari ez ezik, futbol osoari iltzatuta. Zelai batean inoiz izan den tragedia handienetakoa gertatu zen Valley Parade zelaian, Bradforden.

56 zale hil ziren, eta 250etik gora zauritu.

Festak hartua zuen zelai osoa. Hiri osoa, astebete lehenagotik. Hirugarren mailatik Bigarrenera igo zen, eta jardunaldi bat falta zen. Azkenekoa. Maiatzaren 11koa. “Inauteri giroa zegoen zelaian”, gogoratzen dute gertakariaren lekuko hainbatek. Aurkaria Lincoln City zen.

Eguraldiak ere festara azaltzeko gonbitea onartu zuen. Giro! Eta Ingalaterra izateko, asko da hori.

Harmailetan zen Sam Firth. 86 urte. Klubeko bazkide antzinakoenetako bat, eta presidente ohia. Gozatzen ariko zen, bere bihotzeko taldea garaipenaren lorian zebilela eta. Beste 11.000 lagun ere pozarren ziren. Baina 40. minutuan, txinparta batek sua piztu zuen, eta harmaila bat berehala erre.

Suari ihesi, zale askok zelaira egin zuten jauzi. Beste askok zelaitik alde egiteko aukera egin zuten, baina sarrerak itxita zeuden, arduradunek hala erabaki zutelako, zaleak ordaindu gabe sar ez zitezen. Infernua nonahi. Sua gainean. 56 hildako.

Tartean, Sam Firth agurea. Bihotzeko klubaren etxean, bere etxean azken batean, harrapatu zuen heriotzak, bihotza erre zion. Tragedia hartako izen anonimoetako bat da berea. Joan zen asteartean, Bradford Cityko zale asko gogoratuko ziren agure zaharrarekin. Bere espirituak bizirik jarraitzen du Capital One Cup-eko denboraldi honetako ibilian.