Sakon aztertu eta gero, ahaztu beharrekoa
VALENTZIA 4
OSASUNA 0
Osasunak astindu latza hartu du, eta jaitsiera saihesteko arazoak handitu egingo zaizkio.
- Sekulako astindua hartu du Osasunak Valentzian (4-0), noiz eta jaitsiera saihesteko puntuak behar dituenean. Noiz eta lau partida bakarrik falta direnean. Futbolean, edozer gerta daiteke, hori argi dago, eta jaitsiera jokoan izateak ez dio inori bermatzen halako astindua ez hartzea. Ez luke gertatu behar, baina gertatu egin da, eta gertatu egingo da.
- Osasunaren inguruan sua dariola dago jende asko. Haserre. Eta jakina da haserre hori emaitza handiak eragindakoa izango dela neurri handi batean. Hala galtzen denean, ohiko esaldiak azaltzen dira: jokalariek ez dutela gogorik jarri, munduko txarrenak direla, entrenatzaileak ez duela ezertarako balio, maila galduko dela azkenean eta abar. Erreakzio ‘normalak’ izaten dira.
- Taldearen baitan zer gertatuko da? Hori da benetan garrantzia duena. Liga bukatzear dela, alde batetik gaurkoak ezin die konfiantza galduarazi, lanean eta lehian segitu beharrean dira; bestela, zulora. Baina gaurkoa bezalako porrotak baliatu egin behar dira hausnarketa sakona egiteko. Ezin dira besterik gabe ahaztu. Aztertu egin behar dira, bakarka, taldeka edota denak batera bilduta, eta indartuta atera. Ez dago besterik. Horixe da bidea. Mahaian kolpea eman beharrean da norbait aldagelaren barruan, baina onerako izan behar du, ez dena hankaz gora botatzeko. Direnak dira, eta diren horiek atera behar dute Osasuna arazo handi honetatik.
- Arazoa gero eta handiagoa baita. Zulora gerturatzen ari da. Normala, ez baitu irabazten partidarik azkenaldian. Beste taldeen emaitzen araberakoa da oraintxe Osasunaren etorkizun behin-behinekoa. Irabazten badute denek edo batzuek, harrapatu egin dezakete Osasuna. Hortzak estutzeko ordua heldu da. Kale edo bale. Horrela jarrita, txarrerako edo beldurtzeko esaldia ematen du, baina onerako erabili behar dute denek. Indarrak berreskuratzeko, eta aurrera begiratzeko.
- Gaurkoak ez du misterio handirik izan, hasierako minutuetan izan ezik. Ondo moldatu da Osasuna, baina gutxi iraun du itxura horretan. Lehen zatiaren azken erditik aurrera, baloia usaindu ere ez dute egin nafarrek; Valentziak bereganatu du, eta akabo. Eta benetako akaboa Valentziaren lehen golarekin heldu zaio Osasunari: 39. minutuan sartu du Soldadok. Andres atezainak huts egin du Jonasen jaurtiketa urruntzean, eta Osasunako jokalari oiha joan egin da erretxazearen bila, Osasunako atzelariak ez bezala. 1-0.
- Ez du bururik jaso Osasunak. Garbi ikusten zen sekulako astindua hartzeko lekuan jartzen ari zela. Eta hurrengo zartakoa jaso du handik bost minutura, bigarren gola jaso eta gero. Geldikako jokaldi batean izan da. Tino Costaren joa ederra izan da ezkerrez, eta Ricardo Costa sanferminetako zezenen pare sartu da baloia buruz jokatzeko, bigarren zutoinetik aurrera. 2-0, eta partida erabakita.
- Bigarren zatiaren hasieran samarrean, hamahirugarren minutuan, beste kolpe bat hartu du Osasunak. Arribasek falta egin dio Soldadori area ertzean, eta epaileak txartel gorria atera dio erdiko atzelariari. Hori gutxi ez, eta falta jaurtiketa, baloia zehatz eta dotore gozatu du Banegak. 3-0.
- Handik ordu-laurdenera, Timorri atera dio bigarren txartela epaileak, eta hori ere kalera. Gainera, Lolo, zelairatu berritan, aldagela bidera joan beharrean egon da, minez. Beste kolpe bat. Bata bestearen atzetik makina bat hartu ditu gaur Osasunak. Azkena 93. minutuan jaso du: penaltiz sartu dio laugarrena Valentziak, Jonasen bidez.
- Datorren larunbaterako albisteak… txarrak, jakina: Arribas eta Timor ez dira izango. Lolok ikusi egin behar zer duen. Baina daudenak egongo dira, eta irabazi beharrean daude. Bai ala bai. Getafek ez du ezeren errurik, baina bere gain hartu behar ditu Osasunaren amorrazio guztiak.