Rudiren taldea
Rudi Garcia entrenatzaile frantziarraren lana oso ona ari da izaten Erroman; ez du partidarik galdu oraindik liga honetan. Bere aurreko ibilbidea eta egungoa aztertu ditu Naxari Altunak.
Deigarria zen talde hura jokatzen ikustea. Orekatua, sendoa, zorrotza. Entrenatzailearen eragina argia zen. Le Mansen egindako lanak meritu handia izan zuen. Agian, talde handiago batekin titulu bat irabaztearen pare. Urteen poderioz ospetsu bihurtu ziren talde hartako hiru zutabeak: Romaric, Sessegnon eta Gervinho. Haiek baino sona handiagoa lortu du, ordea, Rudi Garciak, talde polit hartako entrenatzaileak.
Jose aitaren arrastoari jarraitu dio Rudi semeak. Futbolaria lehenengo, entrenatzailea gero. Nortasunez eraikitako ibilbideak. Normandian jokalari aritutako garaian Philippe Montanier izan zuen taldekide. Hurbilekoak dira. Baloia dantzan hasten denean antzeko ikusmira dute bi horiek.
Saint-Etiennen, John Toshacken lekukoa hartu zuen Rudi Garciak 2001eko urte hasieran. Reala kinka larrian zebilen orduan, eta txuri urdinen deia jaso zuen Frantziako talde historikoa entrenatzen ari zela. Galestarra Donostiara itzuli zen, Saint-Etienne albo batera utzita. Berdeak ere behea jota. Rudi Garciak ezin izan zuen aurrera atera, eta denboraldi amaieran L2ra jaitsi ziren.
Saint-Etiennen jarduna amaituta, Rafa Benitezen lana bertatik bertara aztertzeko parada izan zuen Rudi Garciak, Valentzian. Aita espainiar jatorrikoa izaki, Garciak lotura berezia sentitu izan du beti arbasoen lurrarekiko, eta, bereziki, Espainiako futbolarekin. Rafa Benitez erreferente bat zen orduan Rudirentzat; bada oraindik ere. Baina, urteen poderioz, haren mailan lehiatzera heldu da frantziarra. Lille eskuartean hartu zuenean, Liverpoolen aurkako partida batean aritu zen aurrenekoz entrenatzaile madrildarrarekin lehian. Benitezen joko antolaketak, taldearen grinak, landutako jokaldiek, piztu zuten Lilleko entrenatzailearen arreta.
Frantzia iparraldean balentria itzela egin zuen Rudik. Bost hamarkada geroago Liga eta Kopa bereganatu zituen LOSC ospetsuak denboraldi berean Garciarekin. Klubak bilakaera interesgarria erakutsi zuen aurreko urteetan, Vahid Halilhodzic eta Claude Puelen eskutik. Europako agertoki nagusietan distira erakusten hasi zen Lille, baina ez Frantziako txapeldun gisa. Hori Rudi Garciarekin erdietsi zuen, 2011ko udaberrian.
Le Mansekin arestian aipatutakoa erakutsi zuen Lillen. Osagai hobeak zituen, ordea, iparraldean. Eta futbolari hobeak eskuartean izaki, bere metodoa arrakastatsua bilakatu zen, Hazard, Gervinho, Sow, Cabaye, Mavuba, Rami, Landreau, Debuchy eta enparauekin. Aurtengo udan Lillerekin kontratua etetea adostu zuen Rudi Garciak, beste abentura bati ekiteko.
Marokon oporretan zela Erromatik deitu zioten, ustekabean. Talde italiarrak bi denboraldi txar egin ondoren, bultzada bat behar zuen. Laurent Blanc aipatu zen hautagai nagusien artean. Rudi Garcia ezezaguna omen zen maila horietan; ez edukiz, baina bai zaleen begietara, eta nazioarteko hainbat hedabideentzat ere bai. Tifosiek errezeloa erakutsi zuten Erromako agintariek entrenatzaile frantziarra fitxatu zutenean. Baina, berehala iritsi zen zaleen bihotzetara Rudi Garcia. Harremanean eta komunikazioan oinarritzen du bere jarduna. Gertutasuna erakutsita. Jokalariek maite dute. Arsenalen galduta zebilen Gervinho aurrelaria berpiztea izan da bere lorpenik handienetakoa. Emaitza ikusgarriek eman diote distira Garciari, baina sinesgarritasuna eguneroko lanetik heldu zaio; urteetan egin duen ibilbide oparotik.
Luis Enriquek eta Zdenek Zemanek ez zuten taldea zuzentzen asmatu. Txekiarrarekin oso desorekatua zen Erroma. Erasoan ikusgarria, baina baloirik gabe ahula. Estilo finko bat eman zion taldeari lehen egunetik Rudi Garciak, eta taldeak inoiz ez bezala erantzun du. Jasotako gol kopuruari erreparatzea baino ez dago bere taldearen izaeraz jabetzeko: Erromak 3 gol jaso ditu aurreneko 12 jardunaldietan. Francesco Totti gustura dabil (abendura arte min hartuta), aurreko bi denboraldietan ez bezala, eta 37 urterekin aldea egiten jarraitzen du. Borriello ari da bere ordez, oso bestelako aurrelaria. Florenzi gaztea, edo Ljajic serbiarra, eta Gervinho izaten dira alboetan. Horrelako aurrelariei baloiak ematen die zentzua. Eta baloia da Erromaren tresnarik eragingarriena. Eraso azkarrak egiten ditu; baloia berreskuratzeko pressing estua.
Joko antolaketa horretan, De Rossi ardatza da, defentsa eta erasoaren arteko zubia, Strootman holandar bikaina eta Pjanic talentudun bosniarra ondoan dituela. Atzealdean, berriz, aldaketa dezente izan da denboraldi honetan: Maicon eskuin atzelaria Ingalaterratik itzuli da, Benatia Udineseko erdiko atzelaria fitxaketa ona izan da, Balzarettik jarraitzen du eta De Sanctisek biribildu du eskarmentu handiko lerroa.
Liga hastapen honetan garaipen handiak erdietsi dituzte giallorrossiek: Interren aurka San Siron, Napoliren aurka etxean, eta Lazioren kontrako derbian, nagusiki. Baina azken bi partidetan birritan egin du estropozu, Torino eta Sassuolorekin berdinduta. Nolanahi ere, Erromak oraindik ez du partidarik galdu, eta nabarmena da Rudi Garciaren eragina hiriburuko taldearen eraldaketan: joko egitura bat sortu du, taldearen mentalitatea aldatu da, eta, orain, azterketarik zailena geratzen zaio: Juventusen aurka indarrak neurtzea.
Rudi Garciaren eskua: Le Mans, Lille, Erroma. Aurretik egindakoa hobetu du beti. Emaitzak lagun, erosoagoa da bidea. Lanaren fruitua.