Ruben Pardoren enigma eta paradigma

Egilea:

Data: 2012/11/12

REALA (analisia)
Montanierrek jokalari erasokorren aldeko hautua egin zuen Malagan, eta bide beretik segitu beharko luke orain.

Realak Malagan jokatu zuen partidaren ondorena aberasgarria izateko aukera handia da. Futbolari buruz lasai eta patxadaz hitz egiteko aukera paregabea ematen du.

Eztabaida ez da zaharra, eta hedatua da futbolaren inguruan. Mamia, hauxe: talde bat atera al daiteke erasokorrak gehiengo diren jokalariekin talde jokoaren orekan eraginik (txarrik) izan gabe?

Begirada historikoa emango diogu aurrena mamiari:

  • Garai batean, bost aurrelarirekin ere aritzen ziren taldeak, erasoan etenik gabe. Beste garai batzuk ziren. Aurrelari asko eta atzelari gutxi. Gerora, joera aldatzen joan zen: atzelariak eta erdilariak gehiago aurrelarien aldean. Orain, esaterako, oso talde gutxik jokatzen dute bi aurrelai petorekin; aurrelariak punta-erdi bilakatu dira, aurrekoaren atzetik osatzen den hiruko lerro horretan.
  • Ohikoa da, era berean, bi euskarrirekin jokatzea, eta batekin aritzeko joera ere ikusten da (zabaltzen ere ez ote den hasi…). Bi horietako bat, behintzat, osoagoa izaten da defentsako lanean erasokoan baino. Bestearen ezaugarriak aldakorragoak dira: izaten da edo erasokorragoa edo bestearen antzekoa, defentsako lanean abila.
  • Egungo marrazkiekin, lau jokalari artistarentzat dago lekua 11koetan, eta zenbaitetan, gutxiago ere biltzen dituzte entrenatzaileek, jokalari osoagoen mesedetan. Defentsako lanak daukak pisu gehien azken urte luzeetan.

Realaren inguruan jarriko dugu orain mamia:

  • Montanier bera ere 4-2-3-1 marrazkiaren aldeko bilakatzen hasita dago, berez bere gustukoena den 4-3-3 (4-1-2-3) horren kaltetan. Bigarrena erabili izan du gehienetan Realen denetik; orain dabil aldatzen. Bere gustukoenean, atzelarien aurreko jokalariaren dohainak defentsakoak dira: Markel, Elustondo, Mariga joan zen sasoiaren hasieran… Beste bien ezaugarriek erasoa eta defentsa uztartu izan dituzte… orain gutxi arte: Zurutuza eta Illarra, gehienean. Oraintsu asko ez dela, Griezmann ere erabili izan du leku horretan, erasoko ezaugarriari indarra emanez. Orain, 4-2-3-1 horretan, bi euskarriak Markel eta Ilarra izan dira: defentsan trebea bat, eta bestea osoagoa. Futbolean ohikoa den joerara joanda zebilen, hortaz, Montanier. Ikusirik aurreko batzuen lanerako gabezia, ez zen aukera txarra.
  • Baina Malagan, aldatu egin zuen jokalarien aukeraketa: Illarra eta Ruben Pardo jarri zituen euskarrian (biak jokalari osoak, eta arinak, leku horietan hain hedatua den indarrezko jokalaririk gabe; gainera, erasora begirakoak ere bai biak). Xabi Prieto jarri zien aurretik, Vela eskuinean eta Chory ezkerrean; Ifran aurrean.
  • Gaur eguneko futbol ereduaren logikari jarraituz, iraultza erabatekoa: bi euskarri indar handirik gabeak, erasokorrak, eta bien aurretik jokalari azkarrak, erabat erasokorrak eta defentsako lanean gabezia dutenak. Orekaren desoreka, askorentzat.
  • Aukeraketa horren alderdi onak:
  1.  Montanierren estiloarekin erabat bat datorren ezaugarri hau: baloia erabiltzeko egokitasuna, erasoko teknika handiko jokalariekin. Garbi ikusi zen baloia txukun eta ondo erabili zuela taldeak Malagan, besteetan baino gutxiagotan galduz baloia. Baloia edukitzeko aukera ematen du jokalari horien aldeko apustuak.
  2. Baloia edukitzea sekulako abantaila da. Zuk zenbat eta gehiago eduki, aurkariak orduan eta gutxiago izango du. Ondorioz, zuk aukera gehiago daukazu besteari min emateko, besteak zuri baino. Eta futbolean baloia denbora luzez edukitzen duen taldeak (ez eduki bakarrik, edukitzeari etekina atera behar zaio) asko dauka alde.
  3. Ifran, Vela eta Chory Castro oso azkarrak dira, eta Xabi Prieto ere egokia da kontraerasoan jokatzeko. Aukeraketa honek aukera ematen du bizi ateratzeko erasora. Baina jakina, ateratzeko lapurtu egin behar da lehendabizi, eta hori izan daiteke Montanierren aukeraketaren alderdi txarra, jokalariek lanerako borondatea azaldu ezean (gero azalduko dugu). Bigarren zatian erakutsi zuten borondatea aurreko jokalariek. Horrekin segitzea da gakoa orain.
  4. Baloia eduki eta ahalik eta urrutien heltzeak, aukera ematen dio taldeari presioa goian egiteko baloia galtzen duenean. Horrek bizitasuna eta oldarkortasuna ematen dizkio taldeari. Aldiz, lerroak atzeratzeko aukera gauzatzen bada (Malagan, lehen zatian bezala), berriz ere lanerako borondatearen gaia atera behar da. Hala ere, gehitxo atzeratzea arriskutsuagoa izan daiteke goian presionatzea baino, nahiz eta kontraerasoan aritzeko jokalari egokiak eduki. Eta erritmo azkarraren kaltetan doa.
  • Aukeraketa honen alderdi txarrak:
  1. Aurreko jokalariek ez badute defentsako lana egiteko goserik, taldea hautsi egin daiteke: goikoak eta besteak. Horrek aukera ematen dio aurkariari, defentsako lana gutxi batzuen esku geratzen delako, eta leku asko bete behar direlako (are gehiago Anoetan, handia eta zabala izanik).
  2. Geldikako jokaldietan, jokalari txiki samarrak gehienak. Bai erasoan eta bai defentsan.

Zer egingo du Montanierrek hemendik aurrera? Ruben Pardoren inguruan egitaratu den 11ko honek segituko duen edo ez, enigma hutsa da. Eta paradigma ere bada: ausardiaz beteriko eredu baten aldeko apustua. Orekaren printzipioa defentsako lanarekin lotzen da ia beti, baina erasoan ere lor daiteke oreka. Eta erasotuz ere bai, zergatik ez?