Ruben ala Mario?
OSASUNA (analisia)
Jose Luis Mendilibarren aroa oso itsusi amaituarazi du zuzendaritzak, eta emaitzen gainetik beste gauza sakonago batzuk batere kontuan hartu gabe.
Ikusten zen bazihoala etorri zen une beretik. Hau da: Jose Luis Mendilibarrek beste denboraldi batez jarraitzeko erabakia hartu zuenean, eta klubak beste horrenbeste egin zuenean, akordio mehea zela nabarmena zen. Kluba behartua zegoen kontratuko klausula bat betetzera, ez bazuen betetzen jendearen aurrean erabaki ulergaitza hartu izanaren itxura emango zuelako. Azken batean, zuzendaritza guztiek emaitzei bakarrik begiratzen diete, eta Mendilibarrenak bikainak ziren: Osasunak 1. mailan jarraitzen zuen.
Mendilibarren baietza ulertzea ere kosta egiten zen neurri batean. Joan zen denboraldian miraria egin zuen, asko ahuldutako talde batekin helburua betez, eta antzeman zitekeen egungo taldea ez zela aurrekoa baino hobea izango. Bera jakitun zen zuzendaritzak ere gogo txarrez onartu behar izan zuela berak segitzea. Zergatik baietz esan orduan eta egoera horiek guztiak kontuan hartuta?
Entrenatzailea delako Mendilibar. Bere lana maite duelako. Bere burua gai ikusten zuelako taldeari etekin handiena ateratzeko berriz. Eta honegatik ere bai: pertsona zintzoa da, eta bere kabuz Osasuna uztea kluba bazterrean uztea bezalakoa zela pentsatuko zuen.
Langilea eta zintzoa. Horra balio eder askoak. Baina Osasunako zuzendaritzari emaitzak garrantzitsuagoak iruditu zaizkio. Eta emaitzena ere erlatibizatu egin behar da: hiru jardunaldi baino ez dira jokatu eta! Eta aurkariak ez dira edozein izan: Granada indartua, Athletic (6 puntu dauzka) eta Vila-real liderra.
Mendilibarrek ez zuen horrela kanporatzea merezi. Klubaren esanetara egon da beti. Klubaren interesak jarri ditu bereen gainetik. Taldea ahuldu beharra zegoela aurrekontua murrizteko? Aurrera. Jokalari bat ekarri nahi baina klubak beste bat nahiago zuela? Klubarena ekarri azkenean, eta isilik lanean segi (adibidez: berak Mario erdiko atzelaria ekarri nahi zuen bere garaian, eta klubak Ruben; azkeneko hau etorri zen)
Emaitzak bihurtu dituzte futboleko agintariek balio bakar. Eta ohitu egin gara Mendilibarrena bezalako astakerietara. Baina zorionez, badira beste batzuk (Mendilibarrenak, kasu), eta horiek dira benetako balioak. Mendilibar lasai joateko moduan da. Ez du ematen aro lasaia izango duten, ordea, Artxanko eta bere kideek. Denborak bakoitza bere lekuan jartzen du, azkenean. Emaitzei hainbesteko garrantzia ematen dieten horiek ere emaitzek jartzen dituzte eta bere lekuan. Beraiek sortutako zurrunbiloak irentsi egiten ditu askotan. Paradoxa ergela hauxe.

JOSE LUIS MENDILIBAR, ATZO, BERE AZKENEKO ENTRENAMENDUAN.