Reala, Espainiako Kopatik kanpo
Partida negargarria egin zuen atzo gauean Mallorcan, eta 6-1 galdu
Gertatzeko ezinezkoa zirudiena gertatu zen atzo gauean Mallorcan, eta Realak agur esan dio Espainiako Kopari, 6-1 galdu eta gero. Ez zuen gertatu behar, Reala aurreratu egin zelako, 0-1ekoa Ifranek sartu eta gero 16. minutuan. Ematen zuen kanporaketa erabakita zegoela, Realak 2-0 irabazi baitzuen Anoetan. Baina etxeko taldeak lau gol sartu zituen zazpi minutuan, eta atsedenaldira 4-1 galtzen joan zen Reala. Gero, bigarren zatian, beste bi gol sartu zizkion Mallorcak.
Etxekoen golegileak hauek izan ziren: Chori Castro (2), Hemed (2), Nunes eta Alfaro.
Montanier: “Jokalarien jarrera ez da profesionala izan”
Sutan zen neurketa amaitu berritan Philippe Montanier, eta haserrea ez zuen ezkutatu prentsaren aurrean. “Huts egin diogu futbolari, Gipuzkoa osoari, klubari, eta ez dugu errespetatu aurkaria”. Jokalariekin sartu zen gero: “Beraien jarrera ez da profesionala izan”.
Lehen aldiz egin ditu hain adierazpen gogorrak Realean denetik.
Taldea Mallorcan da oraindik, eta han egin dute gaurko entrenamendua. Bazkaldu ondoren iritsiko dira Euskal Herrira.