Ramon Unzagaren omenez
AMERIKA KOPA 2015
Txilek eta Argentinak gaur dute finala, eta historian arakatuz, Euskal Herriko aspaldiko jokalari batekin lotura handia dauka Txilek…eta futbolean oso ezaguna den baloia astintzeko era batek.
Txile edo Argentina. Bietako batek irabaziko du Amerika Kopa. Finala gaur gauean da (22:00). Santiagon (Txile). Argentinak hamalau bider dauka irabazia txapelketa. Txilek behin ere ez.
Bi entrenatzaileak argentinarrak dira: Jorge Sampaoli Txilen, Tata Martino Argentinan. Biak Marcelo Bielsaren ereduaren jarraitzaileak.
Izar asko ariko dira zelaian: Messi, Aguero, Alexis, Vidal…
Datuak dira horiek guztiak.
Horietatik abiatuta, ugari dira hor zehar irakurri daitezkeenak partidaren balizko bilakaerari buruzkoak. Talde bakoitzaren estiloa, jokalari garrantzitsuenen ekarpena eta abar. Baina balizkorik deigarriena eta harrigarriena litzatekeena hauxe da: gertatuko ote da Txilek irabaztea Amerika Kopa eta gol erabakigarria txilenaz sartzea?
Txile eta txilena. Elkarri uztartuak ezinbestean. Izenak salatzen du lotura. Eta bi izenen oinarrian, atzean eta sorkuntzan euskal herritar bat: Ramon Unzaga (Bilbo, 1894, Cabrero-Txile- 1923).
Datuak berriz ere: 1914ko urtarrilean, txilena egin zuen Talcahuanoko El Morro zelaian. Inork inoiz egin gabeko jokaldia zen. Hasieran chorera izena jarri zioten, baina 1916an eta 1920an, Txileko selekzioan jokatzen ari zela Hegoamerikako Txapelketan, berriz egin zuen jokaldia, eta orduan jarri zitzaion orain duen izena: txilena.
El Morro zelaiari bere izena jarri zioten, eta iaz, txilena aurrenekoz egin zuenetik 100 urte bete zirenez, eskultura bat egin zitzaion El Morro zelaiaren inguruan.
Gazterik hil zen Unzaga, bihotekoak jota.
Balitz eta balu, ea Txilek txilenaz irabazten duen Amerika Kopa. Unzagarentzat omenaldi politena litzateke.