Pozteko… eta aztertzeko

Egilea:

Data: 2012/11/11

MALAGA  1
REALA      2
Hiru puntuko altxorra ekarriko du, eta zer pentsatua emango duen beste hainbat kontu ere bai.

  • Urtarrilaren 14tik azaroaren 10era. Hainbat partida, hilabete asko eta egun gehiago igaro dira. Eta joan, puntu piloa ere joan dira Realak bisitatu dituen aurkarien etxera. Urte hasierako egun hartatik lortu gabea zuena lortu du gaur: etxetik kanpo irabaztea. Malagan behar zuen. Malaga kuttuna baitu Realak: azken zortzi partidetatik, seitan ekarri ditu hiru puntuak.
  • Pozgarria izan da emaitza, eta pozgarria jokalariak elkar besarkatuz ikustea lehia amaitu berritan. Hilabete gogorra izan dute emaitzen aldetik, eta Malagakoa bizipoza da. Konfiantza. Autoestimua. Mahaian kolpea ematea. Baina zergatik gaur kolpea?
  • Hasiko gara pentsatzen, partidaren ondorena oso aberasgarria izan bait daiteke taldearentzat, azterketa zehatzak eginez gero. To hainbat pentsamendu:
  1. Montanierren 11koa: Illarra, Pardo, Xabi Prieto, Vela, Ifran eta Chory Castro, denak batera. Besteak, atzeko laurak. ‘Artista’ denak elkarrekin (baloia eta teknika ondoen uztartzen dituztenak, esan nahi da). Baloiak besteetan baino gehiago gozatu du Realekoekin. Baina Malagaren defentsako lanaren erraztasunak ez dira ahaztu behar ondorio horretara iristeko.
  2. Ezin da ukatu Montanierrek hordagoa bota diola Pellegriniri. Jokalari dezente falta ditu, baina atera zezakeen Ros Pardoren lekuan, adibidez. Edo Agirretxe Ifranen lekuan. Edo Jose Angel Choryren partez. Baina ez. Atera dituenak atera ditu. Arriskuak hartu ditu. Ala ez? Lillok esaten duenari segituz, ez du arriskurik hartu: “Arriskuak ez hartzea da arriskurik handiena”.
  3. Eta orain zer? Rayoren aurka, Anoetan, zaleen aurrean, zer egin behar du Montanierrek? Hau argi dago behintzat: Illarra eta Pardo ezin ditu kendu.
  4. ‘Kalitatearen’ jiran idatzi dugu asteon. Kalitate mota asko daudela, ez bakarrik teknikoa eta erasokoa. ‘Artistek’ lanerako kalitatea azaldu dute bigarren zatian. Lehen zatian, ez horrenbeste. Ikusten nola den posible ‘artistak’ ere lanerako jartzea?
  5. Lehen zatiko eta bigarren zatiko defentsako lana: bi mundu. Aurrenekoan, lerroak asko atzeratuta, gehiegi. Bigarrenean, askoz aurrerago, hobeto. Montanierrek bete-betean asmatu du erabaki horrekin. Defentsako molde horri eutsiko al dio orain?
  6. 11ko honetan izan direnek erakutsi diote Montanierri jokatzeko moduan daudela. Orain arte lekua ziurtatua izan dutenek lanean segitu beharko dute jokatzen segitzeko. Lehiakortasuna Zubietako lanetan. Oso ona da hori.
  • Montanierrek joan zen sasoiko gauza bera egin du: kinka larrian zenean bere lanpostua, taldeak irabazi egin dio.  Arnasa, sakon askoa, berarentzat ere.
  • Golak sartzen ez zaiela ahaztu erakutsi dute Velak eta Xabi Prietok. Taldeak, azken batean. Eraginkortasuna, altxor preziatu hori.
  • Ze ona Illarraren lana erdiko atzelarien aurretik eta tartean bigarren zatian. Zuloak ixteko, eta defentsa-erasoa trantsizioa ondo egiteko.
  • Hiru puntu gozo eta lasaigarri. Arnasa sakon hartzeko aukera, buruari buelta batzuk emateko egokia, patxadaz. Unerik onenean. Baliatu beharreko aukera.