“Poliki, poliki, lasai, lasai”
Realak berdindu egin du Vila-realen aurka, Velak azken unean sarturiko golari esker (1-1). Erritmo makalaren baitan joan da ia partida osoa.
- John Toshackek esan zuen behin “lasai, lasai, poliki, poliki”. Eta gaur, Reala halaxe aritu da erritmoari dagokionez. Jokalariek beti eman diote ukitu bat edo bi gehiago baloiari taldekideari eman aurretik.
- Erritmo makalarekin etorri da Vila-real ere, eta igande eguerdia izanik, lo hartzeko modukoa izan da neurketaren zati handiena.
- Realaren zelai-erdia gutxiago izan da Vila-realena baino azken 15 minutura arte. Bigarren baloi ia denak kanpokoentzat ziren, eta Borja Valerok nahi beste denbora eta leku eduki du nahierara jokatzeko.
- Realak oso gaizki egin ditu zaintzak erasoan ari zenean. Ondo dago erasora joatea, baina atzeko lanetan ere pentsatu egin behar da; horretarako daude zaintzak. Eskerrak Borja Valero ez dagoen onenean, eta eskerrak aurrerago ez duen eduki Marco Ruben baino mugikortasun handiagoko jokalaririk.
- Lehen zatian, defentsatik erasorako bidea azkarrago egin izan balu Vila-realek, hiru puntuak eramateko aukerak ugaritu egingo zitzaizkion. Izan ditu hala ere…
- Atezainak atezain dira, atea zaintzeko daude, golak galarazteko, eta gaur (ere), Bravok estualdi ederretik libratu du taldea hainbatetan.
- Vila-realen golean, mundu osoko jokalariek egiten duten hutsa: denak baloiari begira egon dira une guztietan, baloia hegalean zenean eta erdiraketa egin eta gero. Norbaitek ikusi al du Senna atzetik gerturatzen?
- Griezmann leku berri batean jarri du Montanierrek, zelaira atera duenean: zelai-erdian barrutik. Aukera ona izan da, abiadura, bizitasuna, mugikortasuna eta kalitate teknikoa emateko zeharo makal zegoen zelai-erdiari.
- Llorentek gaur ere erakutsi du ez dagoela onenean. Egongo al da berriz?
- Demidov oso larri ibili da gaur ere hainbat egoeratan. Joan zen denboraldiko jokalariak beste bat zela ematen du.
- Ia partida osoko erritmo makalak Realekoen presioan ere eragina izango zuen. Baloia lapurtu nahi bada, beste zerbait gehiago jarri beharra dago.
- Realak jokalari gehiegi botatzen ditu erasora batzuetan, lekua erabat galduta, eta horrek alderdi ona eta txarra dauzka: alderdi ona da gola sartzeko errazagoa dela, baina alderdi txarra da sekulako zuloak uzten dituela jokalari horien bizkarrean. Ondo legoke erasoko mugimenduak orekatuagoak izatea, gero defentsako lana errazteko.
- Pardo gora eta Pardo behera, gaur kosta zaio gauzak ondo egiten hastea, baina hasi denean, nabaritu egin du taldeak.
- Puntu bat gertuago du salbazioa Realak. Helburura gerturatzen ari da, baina “poliki, poliki, lasai, lasai”.
http://www.youtube.com/watch?v=NVXncwY1S9A