Polemika bai, arazoak ere bai

Egilea:

Data: 2014/08/23

ESPAINIAKO LIGA

MALAGA  1 / ATHLETIC  0

Oker hasi du lehiaketa Athleticek, itxura ona eman gabe, nahiz eta epaileak kalte egin dion bukaeran.

  • Athleticek oker hasi du Liga, Malagan 1-0 galduz. Emaitza txarra, eta taldeak emandako itxura askoz hobea ez. Ondorio batzuk utzi ditu partidak, eta jokoak eman duena aipatu aurretik, ondorio hoiek astindu behar.
  • 11koa. Ernesto Valverdek Napoliko talde ia bera atera du. Aldaketa bakarra: Iraola atera du De Marcosen ordez. Europako partida aste tartean denean, ohikoa izaten da Ligakoan aldaketak egitea. Beti ez dira egiten, baina ia talde guztietan hartzen dute erabaki bera. Valverdek ez aldatzea taldea, nahiz eta asteazkenean Napoliren aurkako lehia erabakigarria izan, zerbait esan nahi du: ordezkoaak ez ditu bide onetik ikusten. Denboraldi-aurrean ez zuten maila txukuna eman, eta akaso, hor izan dezake entrenatzailearen erabakiak funtsa.
  • Kontua da Txapeldunen Ligarako sailkatuz gero, ezinbestean egin beharko dituela aldaketak. Eta konfiantzarik ez badu jokalari ordezkoengan, gaizki behar du taldeak. Baina horiek beste upel bateko sagardo kontuak dira. Datorrela Txapeldunenen Liga, eta gero gerokoak.
  • Beste ondorio bat hauxe da: Napolin gertatu zitzaion eta gaur ere bai. Baloiaren jabetza duenean taldeak ez dio min handirik aurkariari. Sakontasunean ez du asmatzen. Eta jokoari erritmoa aldatzen ere ez du asmatu. Izan daiteke denboraldi hasiera delako. Ikusi egin beharko da bilakaera.
  • Ondorioekin segituz: atsedenaldian, aldaketa bat egin du Valverdek. Beñat utzi du aldagelan. Ez dio konfiantza larregirik ematen jokalariari, jokalariak berak ez diolako entrenatzaileari. Ematen du denboraldi honetan aurreko sasoiko gazia gozatzeko moduan dela, baina gaurko aldaketak zalantzak eragin ditu… berriz ere.
  • Jokoan gertatu dena aipatuz, grazia gutxiko partida izan da azken minutuak heldu arte. Ordura arte, Malagaren golak eman dio piper pixka bat. Luis Albertok sartu du penalti bateko bigarren jokaldian. Iraizozek urrundu egin dio jaurtiketa berari, baina baloia oinetan utzi ere bai. Bigarrenean ez du kale egin.
  • Azken minutuak: Mateu Lahoz epailearen lana ezin aipatu gabe utzi. Malagako bi jokalari bidali ditu kalera, eta Athletici (Iraizozi) gola baliorik gabe utzi dio; berak jakingo du zer adierazi duen… Eta geroko beste jokaldi hau garbiagoa izan da: Adurizi penalti garbia egin dio Kameni atezainak, baina epaileak Athleticeko aurrelariaren falta adierazi du, denak ahoa bete hortz utziz. Polemika bizia izan da amaierako hori, eta asko hitz egingo da horretaz… Napoli heldu arte. Bitartean, taldeak eta entrenatzaileak lanean segitu behar dute, ondorio horiek utzitako zalantzak argitzen.