Petrolioa aurkitu du
LEVANTE 0
OSASUNA 2
Hiru puntu oso garrantzitsu bildu ditu Osasunak, bigarren zati bikainaren saria azken lau minutuetan lortuz.
- Handia egin du Osasunak. Handia egiten segitzen du. Partidaz partida erakutsi duen bidean sendo jarraitu du Levanteren zelaian, eta hiru puntu potolo eskuratu ditu. Atea hutsean utzi du berriz ere, eta bi gol sartzeko gauza izan da.
- Mendilibarrek esan zuen bezperan Levante dela Ligako talde erregularrena. Bere taldeaz ondo hitz egitea itsusia izango da, baina Osasuna ere oso erregularra izaten ari da azken boladan. Ondo ikasi du zein den bidea, eta eroso dabil, pausoz pauso, urratsa galdu gabe. Defentsa aurreratua, presio altua, baloiaren erabilera gero eta hobea eta futbol erraza, unean uneko aukera onenak gauzatuz. Etxean eta etxetik kanpo, berdin.
- Taldea ondo dabilenean, partida batetik besterako jokalari aldaketak ez dira antzematen. Osasunarena, kasu. Loloren ordez Raoul Loek jokatu du euskarrian, eta Flañoren partez Arribasek atzealdean. De las Cuevas ere aritu da erasoan ezkerraldetik. Igarri ere ez da egin aldaketak egin direnik. Taldearen balioa nabarmentzeko ezaugarri indartsuenetakoa da.
- Joera egoten da hau esateko egoera hauetan: partida 0-0 doanean, eta bukaeran sartzen baditu bere golak geroko talde garaileak, zorteari edo merezi ez izanari lotzen zaio garaipena. Gaurkoan ez dago horretarako aukerari. Osasunak egin duen bigarren zatiak lehenago merezi zuen saria, ez hain amaieran.
- Nagusi izan da bigarren erdi horretan. Andres Fernandez azaldu ere ez da egin ia-ia, eta horrekin dena esanda dago. Kontraeraso pare batean izan ditu aukerak gola sartzeko, baina asmatu ez. Gero, jokoa gehiago landuta izan ditu aukerak, eta hor ere kale. Azkenean, 88. minutuan, Masuden lanparatik atera da argia: buruz buruko jokaldiari sekulako amaiera eman dio, baloia zehatz bezain dotore joz, eta sareko armiarmak dantzan jarriz. Defentsako lanean, berriz, ohs
- Lau minutu geroago, azkeneko jokaldian, bigarrena egin du taldeak. Bere ezaugarriak dotore azaldu ditu: presioari esker, ondo lapurtu du baloia Puñalek Levanteren areatik gertu, eta Kike Solari eman dio; zartako handia eman dio baloiari, bigarrena sartzeko.
- Erdi batek beste erdia izan ohi du, eta beti ez dira berdinak izaten bi erdiak. Halako zerbait gertatzen da futbolean, batzuetan. Levantek hortzak erakutsi dizkio Osasunari lehiaren hasieran eta lehen erdiaren amaieran. Andres Fernandez orduan azaldu da, eta ohi duen moduan, lan ona egin du. Atea hutsean. Osasunak ere izan ditu minutu onak lehen erdi horretan, baina markagailua aldatzeko gutxitxo. Geroko utzi ditu lan horiek, beste erdiaren amaierarako. Honela edo horrela, han edo hemen, hiru puntu gozo, etxetik kanpoko sasoi honetako bigarren garaipenean. Jokatzeko eredu zehatza bihurtu du Osasunak bere petrolio putzu, eta badauka zer atera zulotik.