Pazientzia Deportivoren aulkian egon da

Egilea:

Data: 2013/01/13

REALA  1
DEPORTIVO  1

Emaitzari buelta ematen ez du asmatu Realak, nahiz eta 25 minutuz jokalari bat gehiagorekin aritu.

  • Irekia eta itxia dikotomian azal daiteke Anoetako  gaurko partida. Irekita egon da ia denbora osoan, eta azkeneko hamar minututan edo itxi du Realak, jokalari bat gehiagorekin zela baliatuz, nahiz eta beste hamabost minutuz ere egoera berean egon.
  • Irekia egon da bi taldeek asmatu baino kale gehiago egin dutelako erasoan. Eta Reala jokalari askorekin joaten zenez gora, zulo handiak utzi ditu atzealdean. Luzatu egin da taldea, eta Deportivok ondo baliatu du hori, Realak baino jokalari gutxiagorekin erasotuz, eta nolabaiteko oreka mantenduz.
  • Bi taldeetako atezainek luze jokatu dute gehienetan. Baloia gora, bigarren baloia lortzeko borroka, eta gero-gerokoak. Erasoan, Realak oso zuzen jokatu du, presaka bezala, gauzak azkarregi egin nahian. Nabarmen geratu da jokalari bat gehiagorekin geratu denean. Presak ito du taldea, eta baita beste gabezia honek ere: ez dauka aurrelari errematatzailerik, eta alferrik da baloia arean jartzea erdiraketen bidez. Jokalari bat gehiago izan duenean, ez du pazientziarik eduki hegal batetik bestera eramateko. Hegal batetik zein bestetik erdiraketak egin ditu, baina nork errematatzeko? Area barruan ez dauka presentziarik taldeak.
  • Gauza onak: erdiko bi atzelarien lana, aspaldian aritu gabeak zirelako. Ondo moldatu dira Ansotegi eta Elustondo. Beste zerbait onetik: galtzen joan, eta ez galtzea. Berdintzeko gai izatea, eta irabazteko aukerak edukitzea.
  • Pardo ondo zaindu du Deportivok. Goiko bi jokalariek lan ona egin dute bere gainean, zaintzan txandekatuz. Illarramendiri egokitu zaio goiko jokalariekin jokoa lotzeko ardura. Eta egia esatera, Xabi Prietok eta Griezmannek pixka bat lagundu diote, baina ez jarraitutasunez. Ondorioz, Realari kosta egin zaio Deportivoren lerroak gainditzea, eta lortu duenean, gehiago izango da buruz buruko jokaldietan; eta horretan, Vela da ona.
  • Velak berak berdindu du Pizziren gola. Kanpokoen golean, huts handia egin du Illarramendik. Baloia galdu duelako leku txarrean, eta taldekideren bat edo beste bakarrik izanda baloia ez pasatzeagatik. Leku batzuetan debekatuta arriskuak hartzea.
  • Zuzentzeko bestea: taldea erraz hausten da, erasokoak batetik, besteak bestetik. Eta erasoan, erdiraketak aurkariek urruntzen dituztenean area ertzera, aurkariek bakarrik hartzen dute baloia, Realeko jokalarien artean distantzia handiegia egoten delako, hautsita egoten delako oreka. Gaur askotan gertatu da, eta aukera errazak izan ditu Deportivok defentsatik erasoko trantsizioak nahierara egiteko.
  • Lehen itzulia amaitu da, eta 26 puntu dauzka Realak. Bidean batzuk laga dituen ustea utzi du.