Patrikak bete ala bitrinak bete?

Egilea:

Data: 2014/09/24

IRITZIA

  • XXI. mendean denok dakigu zer den futbola. Baina, denok iritzi berbera daukagu futbolaren inguruan?
  • Galdera horren baitan osatu digu iritzia Pedro Amundarainek, diruaren neurri gabeko garrantzia salatuz.

 

Gaur egun, argi dago futbol profesionalean mugitzen den bakarra dirua dela eta egoera hori, zuzenean ikusi da uda honetako – zein beste garaietako- jokalarien salerosketan. Merkatuaren funtzionamenduaren harira, diru mugimenduaz gizartearen sektore bat zeharo arduratuta ikusten da, beste sektorearen ardura, hurrengo fitxajearen izena zein den jakitea den bitartean.

 

Irudi batek mila hitz baino gehiago balio dutela esaten dute eta hona hemen adibide garbienetako bat. Negargarria benetan. (2013-2014 denboraldiko datuak dira)


Diru-sarrera eta diru-galerez gain, jokalari bakoitzaren edota klub bakoitzaren interesak ere zeintzuk diren aztertu behar ditugu. Nork ematen dio inportantzia diruari? Zergatik? Zeinek sentitzen ditu koloreak? Eta galdera garrantzitsuena, zerk eragiten du izugarrizko diru kantitate horren mugimendua futbolaren negozioan? Galdera asko dira mahai-gaineratu ditzakegunak eta seguruenik erantzunik emango ez digutenak baina, adibide garbi batzuk ditugu egunerokotasunean inguratzen gaituzten klubetan.

Adibide garbiena Espainiako hiriburuan daukagu Florentino Perezen negozio “txar” horiekin.

James Rodriguez kolonbiarraren kasuan, honek izugarrizko Mundiala jokatu zuen Brasilen. Orduan, ohikoa den bezala klub guztiak berak jokatzen zuen klubarekin kontaktuan jartzen hasi ziren, Monakorekin hain zuzen ere. Azkenean Real Madridek eraman zuen 80 milioi euroko prezioan. Diru kantitate handia dela denok dakigu baina, ez nago ziur Florentinok berdina pentsatuko duen.

Presidenteak futbolari buruz gutxi dakien arren, futbolaren inguruan negozio itzela egin du, horrela, negozioetan mundu mailako pertsonarik garrantzitsuenetariko bat bilakatuz. Uztailaren 22an egin zen ofizial kolonbiarraren fitxajea, 6 urtetarako fitxa egin ziotelarik. Baina, kontziente garenez, negozioa ez dago soilik jokalari bat ordaintzean, baizik eta ondoren horretaz baliatuz irabazten diren dirutza itzeletan baino. Kolonbiarraren fitxaketaren osteko bost egunetan 33,4 milioi euro irabazi zituen Real Madridek. Bost egunetan zehar 345.000 kamiseta inguru saldu ziren, orduko 1000 kamiseta inguru saltzen zirelarik. Zer nolako negozioa!

Arestian aipatutako adibidearekin ikusten da nolako garrantzia duen diruak futbolaren enpresa honetan, baina askoz ere gehiago aurki ditzakegu. Hona hemen burura etortzen zaizkidan batzuk:

Euskal Herrian oso garrantzitsua izan zen Eibarrek urrezko ligara lortu zuen igoera 2013-2014ko denboraldian. Kasu horretan ikusi zen garrantzitsuena ez zela ligan aurrena geratzea, diru kopuru bat edukitzea baizik. Koruñako Deportivoren kasua ere aipatzekoa da, izan ere, BBVA ligako ( izen horrekin antzeman dezakegu nola saldu den ligaren izena) igoera lortu zuela sekulako zorrak zituenean eta hala ere inolako debeku gabe igo zen.

Futbola daukagu adibide garbienentzat, gehienbat komunikabideak bertan zentratzen direlako. Baina, aurten Espainian jokatu den saskibaloiko munduko txapelketan ere garbi geratu da FIBAren helburua ez dela izan selekzioak txapelketa irabaztea, baizik eta dirua irabaztea telebistaren bitartez. Jokalari batzuek ( zehazki Rudyk, Gasol anaiek eta Ricky Rubiok) FIBAren helburu hori salatu zuten sare sozialen bitartez eta argi utzi zuten saski baloia ez dagoela salgai.

Ondorioz, argi dago nork agintzen duen negozio honetan: diruak! Eta hortaz, batzuen eskutan soilik dago kirol honen etorkizuna. Horren bitartez helarazi nahi dizuet nire iritzia, esaten, bide txarretik eramaten ari direla futbola eta gainontzeko kirol famatu horiek. Futbol taldeez gain, telebista kateak ere milioika euroko etekinak ateratzen ari direla eta finean, kaltetuta herritarrok irteten gara. Gai guztietan bezala gehiengoari eragiten digute gutxi batzuen negozio horiek eta honek etorkizunean gaur egun dauzkagun arazoak baino gehiago ekarriko dizkigu.