Parentesia

Egilea:

Data: 2012/05/02

Athleticek galdu egin du Real Madrilen aurka San Mamesen (0-3). Espaniarrek irabazi dute Liga.

  • Emaitza astuna da. Etsai historikoaren aldekoa, non eta San Mamesen. Eta gainera, Espainiako Liga irabazi dute Real Madrilekoek Athleticen etxean. Parentesia zabaldu da, eta itxi ere bai.
  • Beste erronka batzuk ditu Athleticek. Gaurkoa parentesia izan da. Ireki aurretik, erronka horiek izan ditu buruan, eta itxi denean, berriz ere erronka horiek gogoan.
  • Emaitzari berriz helduz, San Mamesen ere erakutsi du bere dohainik handiena Real Madrilek: golak sartzeko erraztasuna. Athletic beste muturrean ibili ohi da horretan, askoz gehiago kostatzen zaiolako sareak zulatzea. Gaur ere nabarmena izan da aldea. Hori islatzen du emaitzak. Beste gainontzean, ez da hainbesteko alderik egon.
  • Joa: Real Madrilek lehengoa sartu eta gero (Higuain), Athleticek izan ditu aukerak, baina asmatu ez. Gero etorri da bigarrena (Ozil). Athleticek langara ere bota du baloia ondoren. Baten indarra, bestearen ahulezia. Errematea Cristianok eman du, bigarren zatiaren hasieran. Baten indarra, bestearen ahulezia.
  • Korrika gora eta korrika behera. Erritmo bizia. Bat Liga irabaztera, eta bestea lehiatzera, beti egin ohi duen moduan. Gola helburu. Lehia irekia. Eta halakoetan gertatu ohi den bezala, joa duena garaile.
  • Beste zerbaitetan ere izan da aldea. Epaileak ezarri du. Ez ditu berdin epaitu bi taldeak. Baten eskua penaltia, bestearen eskua ezer ez. Baten protesta txartel horia, besteen oihuak eta kexak ezer ez. Eta lana biribiltzeko, Javi Martinezi atera dion bigarren txartel horia, lotsaz gorritzeko modukoa.
  • Gaur ere atsedena eman die jokalari batzuei Bielsak, halabeharrez bati edo besteri. Baina Zaragozan ez bezala, taldeak itxura ona eman du. Igandekoa hobetu da alde horretatik. Gaurko parentesia itxita, horrelako ondorio onekin pentsatu behar du Athletic osoak.