Palestinarren elastikoa

Egilea:

Data: 2014/01/16

FUTBOLA ETA POLITIKA

Txileko futbol txapelketa Ekialde Hurbileko gatazkaren oihartzunekin hasi da aurten.

Palestino taldeko Alejandro carrasco kapitaina, gol bat ospatzen, polemika piztu duen elastikoarekin. FUTBOL-INTERNACIONAL

Txileko ligan lehen mailan aritzen den Club Deportivo Palestinok ez du parekorik munduan: palestinarren kolonia batek inon daukan futbol talde profesional bakarra da. Palestinar jatorriko 300.000 lagun bizi dira egun Txilen, Ekialde Hurbiletik kanpoko munduko palestinar komunitaterik handiena osatuz.

Palestino Futbol Taldeak, herrialdean hautsak harrotu dituen aspaldiko idea bat jarri du abian 2014ko liga txapelketari begira: 1967ko Sei Eguneko Gerraren aurreko Palestinaren mapa jarri dute taldearen elastiko ofizialean, 1 zenbakiaren irudi moduan. Zisjordania, Gazako Zerrenda eta Ekialdeko Jerusalem hartzen dituen Palestinar estatuak, 1 baten trazak dauzka, argi-argi.

Txileko juduen komunitatearen erreakzioa berehala etorri da: taldea ANFP Futbol Profesionalaren Elkarte Nazionaletik kanporatua izan dadin eskatu dute, eta kasua FIFAren aurrera eramateko asmoa azaldu ere bai, probokazioa dela argudiatuz, Nazio Batuen Erakundeak Ekialde Hurbilerako ezarritako geografia-eremuak errespetazen ez dituelako.

“Ekialde Hurbileko gatazka Txilera hedatu izana gaitzetsi eta ANFPk CD Palestino zigortzea eskatzen dugu, FIFAren arauak ez errespetatzeagatik” esan berri du Gerardo Gorodischer Txileko komunitate juduaren presidenteak.

Txileko Palestinarren Elkarteak azkar erantzun die: “Txileko sionistek Ekialde Hurbileko gatazka gure herrialdera ekartzeko    sortu duten polemikak atsekabetu egiten gaitu. Palestino Klubaren historia eta herrialdeari egin dion ekarpena gutxiesteko ahalegina da”.

Milioidunak

Palestino Futbol Taldea 1920an sortu zen. 1912tik aurrera, arabiar jatorriko hainbat lagun iritsi ziren Txilera, eta beraiek sortu zuten taldea.

Taldea atzerriko kolonien arteko olinpiada baten aritzeko eratu zen, eta 1952an bihurtu zen profesional.

Argentinan River Plateri bezala, milioidunak esaten diote klubari, hastapenetan jokalariak fitxatzeko egin zuten inbertsioa dela eta.

Bi aldiz irabazi du Txileko futbol txapelketa: 1955ean eta 1978an.

Profesional bihurtu eta hiru urtera irabazi zuten milioidunek lehen liga nazionala. 1978ra arte ez zuten balentria errepikatuko.

Txileko ligan talde apala izan arren, aurtengo Klausura txapelketan sailkapeneko buruan ageri da.

Beraien aberriko banderaren koloreekin jokatzen dute, noski: berdea, gorria, beltza eta zuria.

Santiago hiriburuko La Cisterna futbol zelaia, Instituto Nacional taldearekin partekatzen dute.

Taldeak Palestinako Aginte Nazionalaren egungo lurraldeetatik pare bat bira egin ditu, eta jokalari askok Palestinako Selekzio Nazionalean jokatu dute, FIFAk 1998an ofizialtasuna eman zionetik.

Zeresana Txilen

Beraien estatutuen arabera, Txileko futbolaren nondik norakoak zuzentzen dituen ANFPk Palestinoren elastikoaren aferaren gainean iritzia emateko, ezinbestekoa da beste talde batek denuntzia jartzea.

Rol hori Txile hegoaldeko Ñublense taldeak hartu du, Patrick Kiblisky juduen komunitateko kideak zuzentzen duen taldeak hain zuzen. ANFPri igorritako idatzian, txapelketaren baseak haustea egotzi diote Palestino Taldeari, elastikoan mapa bat erabili eta gai politikoak harrotzea leporatuta, “mapa hori palestinarrentzat sinboloa delako eta egungo Israelgo estatua aintzat hartzen ez duelako”. Ñublenseren jarraitzaileek eurek, gogor kritkatu dute taldeko presidentearen idatzia.

Kirol-tribunaletan jarritako denuntziak, Palestinorentzat zigor ekonomikoak ekar ditzake.

Baina juduen elkartearentzat Palestinok FIFAren arauak ere urratzen ditu, eta kasua nazioarteko futbolaren agintarien aurrera eraman nahi dute.

Kontrako epai batek, Santiagoko taldea txapelketa nazionaletatik egoztea eta nazioarteko txapelketetan parte hartzeko debekua ekarriko lituzke.

Polemika, harmailetara

Palestinoren elastikoaren aferak Txileko futbol zelaietako harmailetan ere oihartzuna izan du, ligako azken jardunaldian. Arabiarrek Universidad de Chile talde ospetsuaren zelaia bisitatu zuten joan den asteburuan. La U-ren jarraitzaileek, Palestinoren alde egin zuten, eta jarraitzilerik sutsuenek Ekialde Hurbileko gatazkari buruzko pankartak erakutsi zituzten. Horietako baten honako esaldi hau irakur zitekeen: “Israel, haur palestinarren hiltzailea”.

Universidad de Chile taldeko jarraitzaileek CD Palestinoren aurkako partidan erakutsitako pankartetako bat. FUTBOLREBELDE.ORG

Taldeak jaso dituen elkartasun keinuak eskertu ditu eta adierazi du ez daukala mapa elastikotik kentzeko asmorik. Baina argi utzi nahi izan dute beraiek ez dutela gatazka piztu: “Kirolaren bitartez bakearen eta herrien arteko elkartasunaren aldeko konpromesua berretsi nahi dugu. Txileko taldeen elastikoetan agertzen diren sinboloengatik balitz, musulmandarrok Universidad Catolica taldeak gurutzea erabiltzen duelako minduta sentitu gaitezke, edo Unión Española taldeak erabiltzen duen arranoagatik, Francisco Francoren diktaduraren apologia egiten duela eta”, esan du Palestinok kaleratu duen azken oharrean.