Ostegunekoa bezain garrantzitsua
Athleticek Valentziaren aurka jokatuko du bihar San Mamesen (18:00), eta irabaziz gero, asko gerturatuko litzateke hirugarren postura.
Oraindik Europako Ligako erakustaldia ondo gogoan dutela, joango dira Athletic zaleak bihar San Mamesera. Schalke ere hizpide izango dute ziurrenik. Normala. Baina begien aurrean Valentzia azalduko zaie, Ligako talde onenetakoa. Ez da alferrik hirugarrena sailkapenean.
Bada, biharkoa ere oso-oso partida garrantzitsua da. Athletic Txapeldunen Liga begiz jota ari da, eta Herrialde Katalanetako taldeari irabaziz gero, lau puntura luke Unai Emeryren taldea. Hirugarren lekua, beraz, gertu. Gainera, laugarrena lotzeko ere aurrerapausoa izango litzateke, lehia estua eduki arren hainbat talderekin.
Marcelo Bielsak ezingo ditu atera Llorente (minez), eta Amorebieta nahiz Toquero (txartelak pilatuta). Hauek dira bi taldeen deialdiak.
Bi taldeen jokatzeko ereduak kontuan izanda, partida bizia izateko itxura dauka. Bueno, Athletic berak bakarrik bizitzen du erritmoa; hortaz, erakargarritasuna bermatuta dago. Ematen du aukerak sortuko dituztela bi taldeek, eta halakoetan, gehien asmatzen duena txapeldun. Llorente ez egotea ez al da gehiegi antzemango…
Lehen itzulian, berdindu egin zuten (1-1). Bideo honetan, partidako hartako laburpena.