Osasuntsu dagoela erakutsi behar du
Belarrondoko galanta hartu zuen larunbatean Osasunak Vallecasen, eta gaur, futbolak beste aukera bat emango dio: Espanyol datorkio Sadar zaharrera (20:00), Espainiako Ligako 33. jardunaldian.
Osasuna gaixotu egin zen larunbatean Vallecasen. Egun bateko hotzaldiak eragin ote zion sukar handia? Handia izan baitzen 6-0 galtzea Rayoren aurka.
Gaur gauean, osasuntsu dagoela berriz erakutsi beharko du. Espanyol izango du aurkari Sadar zaharrean (20:00). Kontrario parez parekoa. Europara sailkatu nahi dute biek, datorren denboraldian bidaiatzeko asmoa gauzatu nahi dute, eta gaurko puntuak funtsezkoak izan daitezke. Puntu ale bakarraz da aurretik Osasuna.
Osasuntsu ote dagoen edo larunbateko sukarrak irauten dion partida hasi eta berehala jakingo dute zaleek. Beroa dago sukar hura, larunbata atzo izan zelako esate baterako, eta egun bateko gaitz handiak ondorioak utzi dizkion edo ez jakiteko irrikaz daude denak.
Ez du ematen ondoriorik erakutsiko dutenik, hala ere. Osasuntsu azalduko da Osasuna berriz. Gero emaitzak zer kolore izango duen, beste kontu bat izango da hori. Baina Osasunak lehiatu egingo du gaur, oldarkorra izango da… betiko Osasuna izango dela, alegia. Etxekoa.
Espanyol arriskutsua da aurrealdean. Jokalari trebeak dauzka. Baina atzealdean bigun antzean azaldu zen joan zen larunbatean, eta hori baliatu beharko dute Jose Luis Mendilibarren jokalariek. Sukarrarekin Espanyolek bukatu behar dute gaur gaueko hamarrak aldera.
Lehen itzulian, Osasunak irabazi egin zuen Bartzelonan (1-2). Hemen, golak:
http://www.youtube.com/watch?v=D466J04QhjI