Osasunak soberan dauzka hainbat jokalari
Martin Gonzalez kirol zuzendariak esan du taldetik kanpo joango direla zenbait. Bosten izenak baieztatu ditu: Ricardo, Raitala, Calleja, Roversio eta Raul Garcia. Gehiago ere izango dira.
Osasunaren barruan datorren denboraldiari begira ari dira lanean, eta zer bidetatik joko duten azaldu du gaur Martin Gonzalezek, kirol zuzendariak.
Nabarmenena hauxe izan da: “Jokalari askok utzi beharko dute taldea. 31 ditugu, 25 fitxa egin daitezke, eta entrenatzaileak [Jose Luis Mendilibar] esan digu 25 baino gutxiagoko taldea nahi duela”. Kalera joango diren batzuen izenak baieztatu egin ditu: Ricardo, Calleja, Roversio, Raitala eta Raul Garcia. Azkeneko biak utzita aritu dira, eta Hoffenheim eta Atletico Madrilera itzuliko dira, hurrenez hurren. “Beste hiruren kasuan, baten agurra ez da ziurra, zer gerta zain gaudelako”.
Jokalarien kopurua gutxitu behar horretan, ez du baztertu inor saltzea: “Klubarentzat eta jokalariarentzat ona bada, salduko dugu norbait, baina ez oparitu; klubak ez du behar inoren salmentaren dirurik”. Balizko salmenta horretan egon daitezken jokalarien izenik ez du eman, ez eta kontratua izanik, taldetik kanpo gera daitezkeen futbolariena ere.
Fitxaketen inguruan, hau esan du: “Ez ditugu asko egingo. Gure nahia da min hartuta daudenak osatuta egotea entrenamenduak hasiko ditugunerako, lehiarako prest. Ona izango da taldearentzat”. Gogoratu gai honetaz zer esan zuen Miguel Artxankok, oraingoz kluba zuzentzeko hautagai bakarrak: Sisi (Valladolid) eta Nano (Numantzia) Osasunan ariko direla datorren sasoian.
Harrobiaren lana ere aipatu du, eta ona izan dela esan: “Zazpi jokalarik jokatu dute lehen taldean aurrenekoz, eta horrek ospea ematen dio klubari”. Osasuna Bri dagokionez, hau adierazi du: “Bide bat hartu dugu, eta taldea indartzen segituko dugu kanpotik 19-20 urteko jokalariak ekarriz. Helburua da etxeko jokalariei laguntzea 2.B Mailan, lehiaketa gogorra baita.