Osasunak handia egin du
Bartzelona menderatu du (3-2), eta gainditu du 30 puntuko muga: 31 ditu
Partidaren atarian, bazen giroan halako itxaropen haizetxoa. Osasunak Bartzelona mendera zezakeela uste zutenak normalean baino gehixeago ziren. Eguraldiaren baldintzak zirela, eta Bartzelona etxetik kanpo ondo ez dabilela, bazen handiren bat egiteko asmoa. Eta egin egin zuen Osasunak. Bartzelona menderatu zuen (3-2).
Golak honela banatu zituzten: Osasunarenak Lekicek (3. eta 22. minutuetan) eta Raul Garciak (56. minutuan); eta Bartzelonarenak Alexisek (53. minutuan) eta Tellok (73. minutuan).
Hiru puntu hauekin, Osasuna zazpigarren jarri da behin-behineko sailkapenean.
Mendilibar: “Golak sartu ditugu, eta hori funtsezkoa izan da”
Jose Luis Mendilibar pozik zen, nola ez, prentsaren aurrera azaldu zenean. Azterketa hau egin zuen partidaz: “Oso ondo ekin diogu partidari, ez diegu utzi atzetik ateratzen, eta konturatu direnerako, irabazten ari ginen. Bigarren zatian arazo gehiago izan ditugu. Golak sartu ditugu, eta hori funtsezkoa izan da. Bartzelonaren aurka hobeto jokatzea ez da nahikoa izaten, golak sartu egin behar dira, eta guk gaur sartu egin ditugu”.
Gogoeta interesgarri hau ere utzi zuen Zaldibarkoak: “Aurkariak zuk baino hobeto jokatzen duenean, pentsatzen dugu gure taldea lo atera dela jokatzera”. Lekici buruz ere entzuteko moduko hitzak esan zituen: “Estutzen duena baino bi aldiz gehiago estutu behar du. Ondo dago golak sartzea, psikologikoki on egingo dio. Konturatuko da berak ondo egiten dituen gauzak onak direla taldearentzat”.
Guardiola: “Lehen zatian gu baino hobeto ibili dira”
“Gu baino hobeto hasi dira partidaren hasieran, eta gero, hobetu dugun arren, ez da nahikoa izan. Zelaiaren egoera ez da aitzakia. Bigarren zatian ondo moldatu gara, eta lehenengoan ere ondo moldatu behar genuen”.
Bideo honetan dauzkazue ikusgai bost golak:
http://www.youtube.com/watch?v=d8KkYCCBB7I