Osasunak baieztatu egin du Armenterosen fitxaketa
Hiru denboralditarako tratua egin dute.
Emiliano Daniel Armenteros Osasunako jokalaria da gaurtik. Bolo-bolo zebilen albistea baieztatu du klubak.
Sevillatik dator, sasoiaren erdia Rayon utzita aritu bada ere. Kontratua amaitu zaio Andaluzian, eta Osasunak ez du sosik ordaindu fitxaketa gauzatzeko. Hiru denboralditarako tratua egin dute bi aldeek, eta etete-klausula 6 milioi eurokoa da.
Erdilaria da argentinarra, trebea, eta Jose Luis Mendilibarri gustatzen zaion jokalaria bilaka daiteke, gogoko baitu horrelako ezaugarriak dituen futbolaria izatea bera dagoen taldeetan.
26 urte dauzka.