Orain irabazteko lehen pausoa eman zuten lehen
ATHLETIC EUROPAKO LIGAKO FINALEAN
Futbolean erabiltzen den betiko esaldi batek hau dio: finalak irabazteko, lehendabizi galdu egin behar dira. Athleticek esan horren bigarren zatia beteta dauka: 1977an, Juventusen aurka galdu zuen UEFAko finala.
Zenbat taldek galdu dute finalen bat besteren bat irabazi aurretik? Begiratu egin beharko du iraganeko datuetan, baina asko izango dira. Kontu horren bueltan sortua delako futbolean hainbeste erabiltzen diren betiko esaldi horietako bat. Honela dio: finalen bat irabazteko, lehendabizi edo aurretik finalen bat galdu beharra dago.
Bi esan horiei hirugarrena gehitzen bazaio, logikaren bideari segituz, Athletic txapeldun izango da bihar Europako Ligako finalean. 1977an galdu egin zuelako orain arte jokatu duen Europako final bakarra. UEFAkoa izan zen, eta Juventusek menderatu zituen zuri-gorriak.
Orain ez bezala, finala bi partidak osatzen zuten. Etxean eta kanpoan jokatu beharra zegoen. Urte hartan, Turinen jokatu zen joanekoa. Maiatza zen. Estadioa: Comunale mitikoa. Ia 60.000 ikusle harmailetan. Juventusek irabazi zuen neurketa hura (1-0, Tardellik 15. minutuan).
Bi taldeetan, jokalari ezagun askoak ari ziren. Batzuk mito izatera ere iritsi dira. Bi atezainak, esaterako: Dino Zoff eta Jose Angel Iribar. Jokalarien artean ere izen handiak: Scirea, Tardelli bera, Gentile, Andoni Goikoetxea, Irureta, Txetxu Rojo, Dani… Eta aulkietan ere ez edozein: oraindik ere lanean ari den Trapattoni (Irlandarekin Europako selekzioen Kopan ariko da datorren hilean) eta Koldo Agirre.
Lehen partida hartan, italiarrek erdizka utzi zituzten etxeko lanak. Aldea lortu bai, baina txikia aukeran. Itzulikoan erabakiko zen final handia. San Mamesen. Maiatza ez zen amaitu artean. Ia 40.000 ikusle harmailetan. Giro bikaina. Athleticek irabazi zuen partida hura (2-1, Bettegak 7. minutuan; Txurrukak 11.ean eta Carlosek 78. ean). Baina Juventusek irabazi zuen UEFA Kopa, etxetik kanpo sartu zuen golak biren balioa zuelako orduan ere.
Neurketa hartan, Jose Mari Amorrortuk jokatu zuen, eta Alexankok ere bai.
Bistan da orduko futbola eta egungoa ez direla gauza bera. Pentsa, Juventuseko jokalari denak italiarrak ziren, eta datu historikoa da. Izan ere, behin bakarrik irabazi du Italiako talde batek atzerritarrik gabe Europako lehiaketa bat. 1977ko hartan.
Athleticen ere, jakina, ez zen atzerritarrik. Bihar ere ez. Orduko Juventusen balentriarekin osatuko al dugu esaldi bat? Betiko gera daitekeen horietako bat…
http://www.youtube.com/watch?v=clnWJAY0M4I