Orain dela hamasei urte ere…

Egilea:

Data: 2013/05/25

TXAPELDUNEN LIGA

Finala jokatuko dute gaur Alemaniako bi talde indartsuenek: Borussia Dortmundek eta Bayern Munichek.

Datuak datu dira, historia horixe besterik ez da, lehen gertatu zenaren kontakizuna. Futbolaren historian, partidetako emaitzak kontatzen hastean, subjektibotasunak ez dauka lekurik: emaitzak ez du gezurrik izaten, ez dio tarterik uzten bakoitzaren araberako kontakizunari.

Eta gertatzear dagoen emaitza bati ez dio batere eragiten lehen jazo zen emaitza batek. Baina, gizakiak badu sineskerietako joera, eta nahi ezta ere, ezin uko egin iragana orainarekin lotzeko tentazioari.

http://www.youtube.com/watch?v=EU2LUAsTxu4

Hau duela hamasei urte gertatu zen, 1997ko udaberrian. Garai honetan, gutxi asko. Bai, Borussia Dortmundek Europako futbolaren agintea hartu zuen partida da. Juventus ahaltsua indarge utzi zuen final honetan. Ricken gaztearen zirrara, zelaira sartu orduko hirugarren gola sartu zuenean… irudi hori geratu da final hartatik. Irudi bat eta datuak, horra historiaren argazkia urteen joanean. Datuak eta irudia berdin historia.

Ordu hauetan, finalaren eguneko goizean, baina duela hamasei urte, Juventus zen Txapeldunen Liga irabazteko faboritoa. Argia, gainera. Historiaren pisua berriz: datuek zioten garailea dela Juventus, loriatsua; eta argazkiak ere asko gogora, Vecchia Signorako jokalariren bat koparen bat altxatzen. Baina… Borussiak irabazi zuen final hura. Futbola hau delako: gaur, orain eta hemen. Eta egun hartan, orduan eta han, alemaniarrek astindua eman zieten italiarrei.

Datuak berriz ere. Hau da hau ihes egin izana zenbakiei: Bayernek hirugarren finala du lau denboralditan. Beste biak galdu egin ditu. Argazkia: alemaniarrak burua makur. Iragana orainari lotzeko tentazioa berriz ere: gaur ere galtzaile Bayern… beste bi finaletan gauza bera gertatu zaiolako. Ezetz: gaur, orain eta hemen dela futbola.

Zenbakiak burutik kendu ezinda oraindik: denboraldi honetan, Bayern eta Borussia lehia askotan izan da, parez parekoan, eta Bayern nagusi atera da. Argazkia: Bayerneko jokalariak lasaitua hartuta, pozarren, duela bi denboraldiko Borussiaren nagusitasuna irauli berri. Hortaz, gaur ere, Bayern nagusi  izango da. A ez, barkatu: gaur, orain eta hemen.

Gaur, larunbata. Orain, 20:45ean. Hemen, Wembley estadioan.

Irabaz dezala… onenak? Hori da, baina gaur, orain eta hemen onena izango denak. Gero jarriko dizkiogu datuak eta argazkia, historiaren museoan dotore azaltzeko… eta hurrengo batean gogora ekartzeko ere bai, nola ez, faboritoa zein den zehaztu beharra nolabait indartzeko.