Olympique Lyon-Reala: iritsi da eguna
TXAPELDUNEN LIGA
Multzoen fasean sartzeko kanporaketaren joanekoa jokatuko du Realak gaur.
Reala osoak hainbeste desiratzen zuen eguna iritsi da. Hemen da Txapeldunen Liga. Atarikoa, multzoen fasean sartzeko. Lyon da hiria, Olympique Lyon da aurkaria, eta Gerland da estadioa. Ordua 20:45ean (TVE 1).
Realak multzoen fasean sartu nahi du, eta Frantziako taldea kaleratu behar du horretarako. Bi aukera dauzka: gaurkoa, eta hurrengo asteko asteazkenekoa. Kanpoan eta etxean. Kanpoko taldea izatearen zama arintzeko, 3.000 bat zaleren babesa izango du Jagoba Arrasateren taldeak. Ez da gutxi.
Zelaian, bi talde antzeko. Berdindua ematen du kanporaketak. Traza hori hartzen zaio. Realak lortu behar du Reala izatea, azkenaldian ari den bezala jokatzea, nortasuna ez du galdu behar; bestela, kanporaketa bera ere galduko baitu. 11koan, aldaketak izango dira ziurrenik joan zen larunbateko partidatik. Xabi Prieto, Griezmann… hasieratik aritzea ez litzateke harritzekoa izango.
Lyonen inguruan, bi arretagune daude: kanporaketa bera, eta Yoann Gourcuff jokalariaren geroa. Izartzat ekarri, eta argirik egin ez. Badoala Arsenalera, ez doala… Egoerak egoera, taldea da Lyon. Izen ezagunak eta jokalari arriskutsuak dauzkan arren, taldean du indarra. Horrek bihurtzen du arriskutsu. Grenier gaztea aipatzen da izar handien gisa. Lacazzete aurrelaria ezin ahaztu, Gonalons erdilaria ere oso ona da…
Reala Reala izango ote den eta Lyon zer den, gaur gauean hasiko gara jakiten. Kanporaketa bideratzen hastearekin batera. Hara edo hona joango da. Hemen nahi dugu.