Olatura igo eta kiskalita bukatu
ATHLETIC (analisia)
Athletic zuritik beltzera igaro da denbora gutxian, eta hainbat faktorek eragin dute aldaketa hori.
Urtero, uda heltzearekin batera, Ingurumen Ministerioak suteak saihesteko kanpaina ezberdinak jartzen ditu abian, telebista eta irratietan. Iragarki horien helburua zigarrokinak, sutzarrak eta barbakoa hondarrak gaizki itzaltzearen ondorioez ohartaraztea da, eta helarazi nahi diguten mezuaren garrantzia paisaia desolatuekin, basoak eta etxeak irensten dituen suzko mihiekin, eta larru gorritan gelditzen diren zuhaitz ikaztuen irudiekin azpimarratzen digute.
Hala ere, badirudi ez dela nahikoa, eta maiz gertatzen dira istripuak, istripu direnean. Halakoetan, prozedurak agintzen du egin beharreko lehen gauza suaren jatorria aztertzea dela, zerk eta noiz eragin duen jakin ahal izateko. Batzuetan agerikoa izaten da gertatu dena, baina badaude kasu arras konplikatuak ere. Athletic pairatzen ari den amaierarik gabeko sutearen kasuan, adibidez, ez da erraza jakiten lehen txinparta zerk eragin zuen.
Bielsak iraultza ekarri zuen Bilbora, eta gauza jakina da iraultzak gogorrak eta gatazkatsuak izaten direla, bidea gorabeheratsua, bihurgunez betea. Athleticen azken urteetako joko moldea goitik behera eraldatu nahi zuen entrenatzaile argentinarrak, eta hastapenak samurrak izan ez baziren ere, lehen hilabete zail haien ondoren taldea sekulako maila ematen hasi zen: langilea eta apala, joko erasokor eta ausarta egiten zuen. Batik bat Europako Ligan egindako erakustaldiek denon ahotan jarri zuten bai kluba zein jokalariak (Llorente, Javi Martinez, Amorebieta, Iturraspe, Herrera eta De Marcos batik bat), zaletuak zoratzear zeuden, bere talde gazteaz harro, eta etorkizun oparoa aurreikusten zitzaion Bielsaren Athletici. Are gehiago, Europako Ligako finalari begira faboritotzat hartu zuten hainbatek. Baina final hura hondamendia izan zen bilbotarrentzat: taldea eskas aritu zen, kokilduta bezala, eta kriston jipoia jaso zuen. Tigre baten atzaparkadek eragindakoak baino zauri sakonagoak ireki ziren egun hartan, ordea: aldagelak su hartu zuen, entrenatzaileak jokalari garrantzitsuenenganako konfiantza galtzeraino (Llorente eta Javi Martinezi maila eman ez izana egotzi zien), eta alderantziz gauza bera gertatu zela dirudi (gerora egin diren filtrazioak adibide).
Hori gutxi balitz, egun batzuk geroago, Kopako finalean, Bucaresten emandako itxura eskasa berretsi eta amestutako bi finalak amesgaizto hutsa bilakatu ziren askorentzat, Bielsarentzat barne. Etsiak jota joan zen taldea oporretara, eta ordutik hona, sua amatatzeko zorian egon den bakoitzean polemika berri batek bizitu ditu errautsak: Llorenteren kontratu luzatzea, Javi Martinezen agurra, Lezamako obrak… Zaila behar du giro horretan lan egiteak.
Hala ere, badaude kirol arloari soilik dagozkion arazoak, orain arte taldeak konpontzen jakin ez dituenak: gol andana jaso ditu Ligan, 39, defentsako lanean baldar ari da, eta erasoan neke puntu bat nabari zaie jokalariei, hankekin baino, buruarekin zerikusia duena. Balirudike taldeak, iazkoarekin alderatuta, freskotasuna galdu duela, astun dabilela, eta aurretik ikasitakoa errepikatzera mugatzen dela, ezer berririk proposatu gabe. Talde gehienek neurria hartu diote Athletici, badakite non eta nola min eman. Entrenatzaileari dagokio galdera berriei erantzun berriak ematerako orduan asmatzea. Askoren ustez, ordea, Bielsak, estutzearen estutzeaz, hustuta utzi ditu jokalariak. Iraultza gogorra dela, alegia, eta are gehiago iaz ezti eta apar ibili ziren jokalari batzuentzat. Bielsak, baina, talde handitzat du Athletic, eta bere exijentzia maila horren araberakoa da. Jokalariak jasateko gai ez badira, norena da errua, eskatzen duenarena, edo gai emateko ez denarena? Hor dago koska. Soka gehiegi tenkatu duen edo ez, denborak esango du.
Lehen itzulia bukatuta, eta Europako Liga nahiz Kopatik kanpo, bada garaia helburu berri eta egingarriak finkatzeko. Bederen, uda heltzean, ez ditzagun Bilbo inguruko paisaiak kiskalita ikusi, eta Athleticeko zaletu ikaztuak larru gorritan.